Suak itzaltzea baino harago doan lana

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 28a, 13:17

Tolosako eta Ordiziako suhiltzaileen etxeetako langileek erreskate-simulazioa egin dute, gaur, Oria ibaian.

Herritarrei kontzientzia piztearekin batera, suhiltzaileen jarduna suak itzaltzera ez dela mugatzen ere erakutsi nahi izan dute, ekintzarekin. Horrela, auto bat istripuz ibaira eroriz gero, jarraituko lituzketen pausoak burutu dituzte, banan-banan.

Goizean goizetik eremua prestatzen hasi dira Oria eta Goierriko suhiltzaileak, eta 11:30ean ekin diote simulazioari: kamioiak Zumardi Txikiko sarrerara iritsi dira, argiak piztuta, eta larrialdi mota horri dagokion protokoloari heldu diete suhiltzaileek.

Hasteko, zenbait suhiltzaile neoprenozko jantzi bereziarekin atondu dira, ibaira jaitsi beharko zutela bazekitelako; eskilara baten bidez iritsi dira ibilgailua zegoen gunera, eta suhiltzaileetako bat auto barruko pertsonarengana joan da: "Horrelako momentuetan oso garrantzitsua da istripua izan duena lasaitzea".

Bide horretan, kristalak apurtu eta autoaren sabaia moztea izan da hurrengo pausoa, horretarako bereziki prestaturiko guraize batzuekin. Horrek guztiak ezbeharra jasan duen pertsonari behar bezalako arreta ematea ahalbidetu die suhiltzaileei eta, hasteko, lepokoa jarri diote. Bozgorailutik azalpenak aritu den suhiltzaileak nabarmendu duenez, "oso garrantzitsua da ordubeteko epean istripua izan duen pertsona ospitale batera eramatea". Eta horixe da, hain zuzen, bermatzen duten lehen pausoa.

Ondoren, garabi baten bidez autoa uretatik ahal bezain laster ateratzeak ere berebiziko garrantzia izaten du, batez ere, ingurumena ez kaltetzeari begira.

Doako laguntza, unerik estuenetan

Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek egindako simulazioaren bitartez, zerbitzua doakoa dela ere zabaldu nahi izan dute, izan ere, herritar askok laguntza eskatu ondoren zerbait ordaindu behar izaten dutela pentsatzen baitute.

Gipuzkoan, oro har, zortzi suhiltzaile parke kudeatzen ditu foru aldundiak eta, horiekin batera, Donostiako suhiltzaileekin ere hitzarmena dute, larrialdiei erantzun oso eta bateratu bat emate aldera. Horregatik, suhiltzaile eta arduradunek argi adierazi dute: "Herritarrek egin behar duten lehenengo gauza 112ra deitzea da, eta zer egin ez badakite, ez dezatela ezer egin; iritsiko dira suhiltzaileak".

Azaldu dutenez, ezbehar eta gertakariak bolada bolada joaten dira, baina azken bizpahiru urteotan errepideko istripuek gora egin dutela ohartarazi dute. Horrelakoetan, errepidean joan eta istripua izan duen autoren bat ikusiz gero, lasaitasuna lehenetsi behar dela azpimarratu du Joseba Alargunsoro suhiltzaileak: "Larrialdietara deitu eta kokalekua ahalik eta zehatzen eman ondoren, autoa geratu, triangeluak jarri eta trafikoa geratzen saiatu behar da, baina lasaitasunez. Jarraian, istripua izan duen pertsonarekin hitz egiteko aukera izanez gero, lasaitu egin behar da, gu iritsi arte".

Gaurko simulazioarekin, suhiltzaileen lana istripuetan ere ezinbestekoa dela erakutsi dute, baina gas isurketetan, etxe barruan egoera larriak gertatzen direnean nahiz liztor asiatikoekin ere beren alea jartzen dute. Jon Olano suhiltzaileak azaldu duenez, "nire lana ez zait beste edonorena baino gogorragoa iruditzen; igeltsero batek zortzi ordu pasa behar izaten ditu pisu handiekin gora eta behera, edo beste batek makina aurrean. Gainera, behin ekintza burutu eta jendea lasaitutakoan, ia beti oso lan eskertua izaten da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!