Gorria berdeagatik

M. Iraola 2015ko urt. 28a, 09:19

Bigarren garaipena jarraian TAKErentzat, Bilboko Milkeldiri 65-77 irabazi ostean. 

«Mikeldiren aurkako neurketak esanahi asko zituen guretzat, Euskal Kopan 25 puntuz galdu genuelako eta maila mantentze aldera aurkari zuzena zelako. Gainera, Eguberrien ondoren izandako beherakada atzean utzi genuela erakutsi nahi genuen». Gorriz markatua zuen TAKEk urtarrilaren 24a, atzo Eutsi Goiari! saioan Yon Gonzalez entrenatzailearen hitzek agerian utzi zuten bezala.

Denboraldia hasi aurretik Usabalen Euskal Kopako neurketan jasotako porrot hark galdera bat utzi zuen: Ez ote da EBA maila gehiegi izango? Egunak gerturatzen joan ahala, eta etorkizunean gerta daitekeena gertatuta ere, agerian geratu da hori ez dela horrela izan.

Begiz jota zuten Mikeldi, maila eusteko borrokan arerio zuzena izango zelako, eta pixkana burutik urruntzen doan galderari erantzun irmoa emateko. Jon Azaldegiren baja ere estali zuten nolabait entrenatzaileek, taldekideak ez kezkatzearren: «Ligako hirugarren jokalaririk baloratuena da Jon, eta asko ematen dio taldeari».

Baina oso neurketa txukuna jokatu zuten tolosarrek, hasieran izan ezik. «Zortea ere aldeko izan genuen, izan ere, ez ginen oso ongi irten kantxara eta gaindituta ikusi ginen. Baina saski bat konpontzeko bost minutuko atsedenaldia izan genuen eta ongi etorri zitzaigun lasaitu eta neurketari berriro ekiteko».

Hortik aurrera, defentsan egindako lan onak jokoz kanpo utzi zuen talde bilbotarra, eta tolosarrek markagailuan alde egiteko aprobetxatu zuten. «Oso ongi mugitu genuen baloia eta inoiz baino saskiratze hobeak lortu genituen», dio Gonzalezek.

65-77 eta seigarren garaipena, galderak uxatu, eta egutegian hasiera batean gorriz zegoena, garaipenaren berdeaz aldatzeko.

Datorren larunbatean, berriz, partida zaila izango du Usabalen, bigarren sailkatua, Natural Rioja, izango baitu parean: «Bost jokalari on ditu, eta bakoitzak 35 minutu jokatzen ditu. Aldaketak egitean taldearen maila jaisten da eta hori aprobetxatu behar dugu», dio Gonzalezek.

Gutxigatik
Azken asteotan izan ez duten grina berreskuratu arren, neskek ezin izan dute irabazi. Estu hartu zuten Añorga, defentsa onaren bidez, baina erasoan ez zituzten aukerak aprobetxatu eta hiru puntuko aldeagatik galdu zuten: 43-46. Jarraitu beharreko bidea hori dela adierazi dute entrenatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!