Gora begira jarraitzeko, hiru puntu garrantzitsu

Asier Imaz 2015ko urt. 26a, 19:19

Tolosa CF Erregional Ohorezko Mailako taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen igandean, Hondarribian.

Etxetik kanpo kosta egiten zaio partidak irabaztea talde tolosarrari, eta sailkapen nagusian goiko postuetan mantentzeko, beharrezkoak zituen hiru puntuak. Bigarren itzuliko bigarren jardunaldia zen. Lehena Hernaniren aurka jokatu zuen Berazubin, hiru puntuak lortuz. Iker Dorronsoro entrenatzailearen esanetan, bigarren itzuli honetan lehenengoan baino puntu gehiago lortzea da helburua. Oraingoz, bide onetik doaz tolosarrak. Bolada onari eusteko aukera hurrengo larunbatean, 16:30ean izango du Tolosak, etxean, Beti Gazteren aurka.

 

Iker Dorronsoro: «Hondarribiaren intentsitatea gure taldearen kalitateak gainditu du»

Gustura zegoen taldearekin Dorronsoro, igandeko partida ondoren.

Etxetik kanpo taldeari garaipena lortzea kosta egin zaio lehen itzulian. Bigarrena ongi hasi duzue.  
Horrela da. Bigarren itzulian erronka moduan jarri dugu etxetik kanpo puntu gehiago lortzea. Zorionez ongi hasi eta garaipena lortu genuen igandean.

Nolako partida izan zen?
Partida konpletoa. Hasteko, zelaira ongi egokitzen jakin zuen taldeak. Belarrezkoa izan arren, txikia zen, eta aurkariak intentsitate handiarekin jolasten du bertan. Hain zuzen ere, intentsitate horri aurre egiten jakin zuten gure jokalariek, eta Hondarribia atzean sartu zuten. Lehen minututik eurak baino hobe atera ginen.

Eta zuen kalitatea erabakigarria izan zen.
Euren intentsitatea gure taldearen kalitateak gainditu zuen. Gure eremura ekarri genuen partida, eta hortik garaipena. Tolosak partida txukuna egin zuela uste dut.

Partida borrokatua izan da, beraz, igandekoa.
60. minutuan sartu genuen gola, nahiz eta aurrez, aukera onak izan markagailuan aurretik jartzeko. Partida osoan atzean sartuta egon ziren eurak, eta atsedenaldian ere hortaz hitz egin genuen.  

Zer esan zenieten jokalariei?
Bigarren zatiko lehen 15 minutuak oso garrantzitsuak izango zirela. Aldea ez bagenuen zabaltzen, eurak huts eta hutsekoaren bila joango ziren, aldaketak eginaz eta abar. Gola lortu dugu, eta bi minutu beranduago, bat gutxiagorekin geratu ziren. Orduan, eurek behera egin zuten.

Lehen gola Gorka Blancok sartu zuen. Kapitainak azken bi jardunaldietan bi gol sartu ditu.
Guretzat Gorka aurrean erreferente bat da. Taldeko kapitaina da, lider bat, eta ondo badago, badakigu golak sartuko dituela. Iaz taldeko pitxitxia izan zen. Kosta zaio baina orain dinamika onean dago, beste asko bezala. Jokalari beteranoak errekuperatzen ari gara, eta horrek taldeari asko ematen dio.  

Beteranoak aipatu dituzu, Blanco bera, Beñat, Loidi... badira batzuk jokora itzuli direnak.
Iñigo Argiñano ere bai. Lehen itzulia iaz 26 urteko mediarekin jokatu genuen, eta aurten 22ra jaitsi dugu. Arrazoi batengatik edo bestearengatik, gazteetatik tiratu dugu; eta oso maila ona eman dute. Etxetik kanpo, ordea, falta zaigu denborak markatze hori, eta bigarren itzulian, jende beteranoak horretan lagunduko digutelakoan gaude.
Elkarrizketa osoa: ‘ataria.info’-n

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!