San Esteban auzoan alokairu sozialeko etxeak eraikitzea proposatu du EAJk

Ataria 2015eko urtarrilaren 26a

Jeltzaleek azaldu dute "tolosarren etxebizitza beharrei erantzuna" ematen diela beren proposamenak eta udalak proiektua faseka egiteko "gaitasuna" duela.

Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren berrikuspenaren harira, Tolosako EAJko alkategaiak, Olatz Peonek, San Esteban auzoan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea proposatu du. "Hasierako proposamena eskasa da eta ez die tolosarren benetako beharrei erantzuten. Hori dela eta, goraka doan eskari kopuruari erantzuna ematen dio" azaldu du Peonek prentsa ohar bidez.

Gurasoen etxetik irten nahi duten gazteez gain, proposamen honek alde zaharrean bizi eta igogailurik ez duten adineko pertsonei ere "irtenbidea" ematen diela adierazi du jeltzaleak: "gizartearen aldaketei formula berriak bilatu behar dizkiogu". Udala proiektu hori aurrera eramateko gai dela azaldu dute, bera baita San Estebango lurren %60en jabe.

Bestalde, etxebizitza hutsak alokairu merkatura bideratzeko neurriak aztertzen ari direla azaldu du EAJk. "Tolosako udalak diru-laguntza programa bat du, jeltzaleek proposatua, etxebizitza alokairuan jarri ahal izateko jabeek egin behar dituzten obren gastuetarako. Ondasun Higiezinen Zergatik jasotzen den diruarekin ordaintzen dira.

Udal gobernua ere kritikatu du Peonek, bere ustez, "ez baitu legealdi osoan ezer egin, ez etxebizitza alorrean ezta beste edozeinetan ere. Aurreko legealditik datozen proiektuak eman ditu aurrera, Igarondo eta Euskal Herria plazakoak kasu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!