Gizarte gaiei helduko die, Samaniego ikastetxeak, II. kultur astean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 23a, 12:44

Datorren asteartetik larunbatera bitarte, jarduera ludiko nahiz hezitzaileak uztartuko dituzte.

Berrikuntza batekin ekingo diote, aurten, Samaniego ikastetxeko kultur asteari,  Tolosako Udalaren laguntzarekin batera prestatuko baitituzte egitasmoko hitzordu guztiak. Egitarauan gizartea gaiak txertatu nahi izan dituzte eta, besteak beste, dolua eta kirolaren balore hezitzaileak jorratuko dituzten hitzaldi bana izango dira.

Arantxa Menendez ikastetxeko zuzendariarekin batera, Carmen Sanz elkarbizitza taldeko ordezkaria, Ibon Badega guraso elkarteko lehendakaria eta Inaki Irazabalbeitia Tolosako Udaleko zinegotzia izan dira agerraldian, eta egitarauko ekitaldi guztiak irekiak direla nabarmendu nahi izan du Menendezek.

Bide horretan, Irazabalbeitiak eskerrak eman dizkio Samaniegori, "egitasmo interesgarriak antolatzeagatik", eta Tolosako gizarte, hezkuntza nahiz kultur eragileen lana azpimarratzeko baliatu du tartea: "Herrietan, gauzak goitik behera edo behetik gora egin daitezke eta, udal gobernu hau bigarren aukeraren aldekoa izan da beti. Etorkizuna kudeatzeko bidea dela uste dugu, eta Tolosako horrelako ekimenak asko direnez, beti izango dute udalaren laguntza".

Gizarte gaiak eta aisia uztartuz

Jarduera guztien artean bi hitzordu nabarmen izango dira datorren astean. Doluaren inguruko saioa asteazkenean izango da, batetik, Izaskun Andonegiren eskutik. Bizitza, heriotza eta dolua: gure seme-alaben eta ikasleen bidelagun izenburupean, herritar guztiei zabalik izango da saioa, 17:00etan, Topic zentroan. Carmen Sanzek azpimarratu duen moduan, "gai gogorra da, baina guztioi iristen zaigu, lehenago edo beranduago, beraz, gure seme-alabekin eta ikasleekin jorratzea ere ezinbestekoa da".

Hurrengo egunean, berriz, ikastetxeko Haur Hezkuntzako balio anitzeko gelan, Luis Mari Zulaika ariko da kirolaren inguruan. 17:30ean hasita, Kirola gozatzen lagundu izango da hitzaldiaren izenburua eta, besteak beste, eskola kiroletan desegokiak diren jarrerez eta, zinez transmititu beharko liratekeen baloreez ariko da.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!