Txakurra eta korrikalaria lotuta

Asier Imaz 2015ko urt. 23a, 07:51

Tolosako IV. Txakur Krosa igande honetan izango da. Aurten ordutegian aldaketa egongo da, ordu erdi aurreratzea erabaki baitute antolatzaileek. 

Eneko Agirre buru belarri dabil proba prestatzeko lanean, kideekin batera. Txakur krosa inguru hauetan jende gutxik ezagutzen duela dio, baina aldi berean, gero eta jende gehiago direla dio.


Tolosako krosa Gipuzkoako Txapelketaren barruan dago, eta hirugarren lasterketa puntuagarria izango da. Bertan parte hartzeko ez da federatua izan behar. «Gipuzkoako liga irekia da. Ez du federazioak antolatzen, elkarteek baizik. Ondorioz, nahi duenak parte har dezake inongo arazorik gabe», dio Agirrek.  Izena emateko epeak zabalik daude, eta egunean bertan ere egongo da aukera.


Lasterketa bi mailako kirolarientzat banatu dute. Lehiatzera etorriko direnek, ibilbide luzea egiteko aukera izango dute. Txakur krosa zer den ezagutu nahi dutenentzat, aldiz, itzuli laburra prestatu dute. Horiez gain, haurrek ere izango dute euren lekua eta gozatzeko aukera.


Baldintzen inguruan galdetuta, Eneko Agirrek txakurra eta korrikalaria prestaturik egotea komeni dela dio, batez ere itzuli luzerako, «helburua parte hartzaileak, bai korrikalaria eta baita txakurra ere, helmugara kontentu iristea da». Kirol hau ezagutzeko eta ikusteko aukera, beraz, igandean izango da.

Datuak
Urtarrilak 25, igandea

Ordua: Irteera 11:00etan izango da, Tolosako Triangulotik.  


Izen ematea: Larunbata azken eguna, www.herrikrossa.com webgunean. Egunean bertan, 09:00etan zabalduko dute aukera Trianguloan.


Ibilbidea: Aukera desberdinak daude:
• 11,5 kilometroko ibilbide luzea. Triangulotik Samaniego aldera. Bertatik Loatzo ingurura, Irurako bordan itzulia hartuz eta Tolosarako bideari ekinez.
• 4,5 kilometro inguruko ibilbide motza. Txakur krosa ezagutu nahi dutenentzat egokia.
• 400 metroko itzulitxoa haur txikientzat.
• Kilometro bateko itzulia. 7-12 urte bitartekoentzat eta lasterketaren ondoren. Parte hartzaileak lagun durela gaztetxoek txakur krosa ezagutzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!