«'Fracking'-ak ura neurrigabe xahutuz kaltetzen du, gehien, ingurumena»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 22a, 10:44

Astelehenean fracking-aren inguruko informazio saioa izango da, Tolosan; eskualdean ustiatze teknika horren aurkako herri mugimendua osatu nahian dabiltza Iker Arregi eta Jon Azaldegi, beste zenbaitekin batera.

Arabako herri mugimendua aitzindari izan zen, Euskal Herrian, fracking-aren aurkako aldarriak plazaratzen. Duela hiru urte inguru ekindako bidearekin herritar askok bat egin du, eta Gipuzkoan zabaltze lanetan ari da elkartea. Iker Arregi eta Jon Azaldegi tolosarrak eskualdean ustiatze metodo horien aurkako olatua sortu nahian dabiltza, eta astelehenean izango da, Tolosan, taldetxoa sortzeko informazio hitzaldia.

Hasteko, zer da 'fracking'-a?

Iker Arregi: Arruntak ez diren hidrokarburoak ateratzeko teknika da eta, adibidez, petrolioa eta gasa lurpetik ateratzeko erabiltzen dute, horiek harriari atxikita daudenean. Lehenengo zundaketak egiten dituzte eta, ondoren, zuloak zimendatzen dituzte. Gero, lehergailuekin hausturak eragiten dituzte harriak pitzatzeko, eta pitzadura horietan barrena ura, hondarra nahiz produktu kimikoak sartzen dituzte, presio handia erabiliz, gasa ateratzeko.

Jon Azaldegi: Orain arte hidrokarburoak atera izan direnean, harrien irazkortasuna oso handia izan da; hau da, harri horiek fluxu handiei pasatzen uzteko ahalmena zuten. Fracking-a, ordea, irazkortasun oso baxua duten harrietatik gasa ateratzeko erabiltzen da. Irazkortasun baxua izateak, harria puskatu behar izatea dakar eta, praktika hori zailagoa denez, teknika horiek esfortzu handiagoa eskatzen dute.

'Fracking'-aren aldekoek, teknikaren errentagarritasun ekonomikoa azpimarratzen dute. Zuek zer diozue horren aurrean?

I.A.: Ekonomikoki, metodo tradizionala baino garestiagoa da fracking-a, zalantzarik gabe, sistema konplexuagoa delako. Hasteko, askoz ere zulo handiagoak egin behar izaten dira lurrean, 3.000 eta 4.000 metroko sakonerakoak. Gainera, harrien zailtasuna dela eta, hasieran zulaketa bertikala izanagatik, gasa ateratzeko zulo horizontala egiten dute ondoren.

Nola egiten dituzte zulo horiek?

I.A.: Zulo txiki batzuk egin eta lehergailuak sartzen dituzte, pitzadurak egin eta hodi batzuk txertatu ahal izateko. Hodi horiek dira, ondoren, puskatutako harrietara nahasketa kimikoa bideratzen dutenak.

J.A.: Fracking-a defendatzen dutenek erabil dezaketen argudio bakarra zera da, gaur egun beste bide batzuk agortzen ari direla eta, horregatik, prezioak ere igo egin direla. Horrela, fracking-a garestiagoa den arren, lurpetik ateratakoa saltzeak etekin ekonomiko handiak ematen ditu.

'Fracking'-ak ingurumenari egin diezazkion kalteak ere salatu nahi dituzue. Zein dira?

J.A.: Adibidez, harrietan txertatzen duten nahasketa kimiko horrek kutsadura sor dezake ur geruzak edo akuiferoak dauden eremuetan.

I.A.: Horrekin batera, ur asko erabili behar da. Ur hori nahastu egiten dutenez, kutsatu egiten da, eta lurpean jarioren bat gertatuz gero, inguruko ur guztia ere kutsatu egiten da. Gainera, teknika horrek azpiegitura egokiak izatea eskatzen du, ibilgailuak eta materiala bertaratu ahal izateko.

Pitzadurek arrisku sismikoa sortzea posible al da?

I.A.: Bai. Duela gutxi epai bat atera da, AEBetan, lurrikara batzuen inguruan; bizilagunek fracking-a salatu zuten, lurrikaren eragile moduan, eta epaileak arrazoia eman die. Dena den, fracking-ak ingurumenari sortzen dizkion kalteen artean, ura neurrigabe xahutzearena nabarmenduko nuke nik. Gaur egun askotan entzuten dugu urre urdina izango dela, eta ur edangarri, garbi eta geza oso eskasa dela, beraz, are larriagoa da halako kantitateak horretarako erabiltzea.

Zenbait herrialdetan arautu egin dute 'fracking'-a. Espainiako Gobernuak badu legedirik?

I.A.: Espainian, oro har, fracking-a sustatzen ari dira, asko gainera. Batez ere, energia menpekotasunaren aitzakia darabilte horretarako, Espainian sortzen den energia ia hutsala dela argudiatuz. Horrela, zenbait lege aldatzeko pausoak eman dituzte duela gutxi: udalei eta lur jabeei hobari ekonomikoak emango lizkiekete.

Erkidegoek ezin dute neurririk hartu?

I.A.: Cantabrian, Errioxan Katalunian eta Asturiasen fracking-aren inguruko lege propioak sortu zituzten, beren lurraldeak fracking-ik gabeko lurralde izendatuz. Baina, Espainiako Gobernuak salaketa bat jarri zuen lege horien aurka, eta erkidego horiei Auzitegi Konstituzionalaren erantzun bat iritsi zaie: horrelako gauzak erabakitzeko eskumena gobernu zentralak duela dio konstituzionalak. Halako neurriak, beraz, jendea kontzientziatzeko soilik balio dute, oraingoz.

Zein da Euskal Herriko egoera?

J.A.: Fracking-aren aurkako mugimenduak Araban izan du indarra, batez ere, lehen esplorazioak bertan hasi baitziren, Gran Enara izeneko gune batean.

I.A.: Herri ekimen legegile bat martxan jarri eta EAEn 104.000 sinadura bildu zituzten. Jaurlaritzan tramitazio bidean izango da.

J.A.: Euskal Herrian oraindik ez dira inon gasa fracking-arekin ateratzen hasi, baina hainbat eremu esploratu dituzte, edo horretarako baimenak eskatu dituzte, Araban eta Bizkaian. Horrek, etorkizuneko asmoak argi uzten ditu.

Eskumen osoa Espainiako Gobernuak baldin badauka, zer egin daiteke protesta egiteko?

I.A.: Udalek zerbait egin dezakete, zeharka, beren lurren jabe diren heinean. Esaterako, uraren esplotaziorako kontzesioak udalak eman behar izaten ditu, eta urbanizaziorako legeek ere zirrikituren bat uzten diete. Herri-mugimenduekin batera, beraz, udaletako mozioak ere baliagarriak izan daitezke. Fracking-ik gabeko hainbat herri daude Euskal Herrian, eta tartean da Tolosa, EH Bilduren baiezko bozkekin.

Azaldu duzuen guztiarekin, informazio saioa izango da astelehenean.

J.A.: Bai. 19:00etan hasiko da, kultur etxeko lehen solairuan. Fracking ez Gipuzkoa taldeko bi kide ariko dira hizlari moduan, oinarrizko kontzeptuetatik hasi, eta fracking-ak ingurumenean nahiz ekonomian izan ditzakeen eraginak azaltzera arte. Oso saio interesgarria eta praktikoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!