Garaipena behar zuten

Mikel Iraola 2015ko urt. 21a, 13:54

Garaipen garrantzitsua (83-70) lortu du TAKEk etxean Valladolid arerio zuzenaren aurka. Neskek, berriz, igoera faseko bigarren porrota jaso dute.

Luzeak egiten dira porrotak jaso osteko asteak. Asteburua noiz iritsiko izaten da bat, garaipenaren zapore gozoa berreskuratzeko. TAKEk abenduaren 13tik zeraman garaipena zer zen ezagutu gabe, eta horrek kezkak eta antsietatea sortzeko arriskua dakar. Luzeak izaten badira porroten ondorengo asteak, pentsa, tartean Gabonetako oporrak badaude.

Santanderren irabazi zuten abenduaren 13 hartan. Abenduaren 20an urteko azken neurketan galdu egin zuten etxean Mondragon Unibertsitateren aurka eta Gabonetako oporretatik bueltan ere ezin izan zuten Zizurren irabazi Ardoiren kontra. Tartean bi porrot besterik ez dira izan, baina denboraren poderioz sortutako kezkak uxatzeko, garaipena beharrezkoa zuten tolosarrek.

«Taldea ez zegoen urduri, baina dagoeneko garaipen bat lortzeko gogoa genuen», aitortu zuen Iñigo Morenok, neurketa amaituta, lasai.

Lasai, bai. Izan ere, aurreko jardunaldietako neurketak azken unean erabaki diren ez bezala amaitu zen larunbatekoa, patxadan, bihotzek asko sufritu gabe. Lasaitasun sentsazio hori ia neurketa guztian nabaritu zen. Lehen 10 minutuetako nahasmenetik irten eta bigarren laurdean 14 puntuko zuloa zabaltzeko gai izan ziren Gonzalezen mutilak; bikain jokatu zuten defentsan eta erason; errebotean ere nagusi izan zirelarik.

Alde hori erabakigarria izan zen gerora begira, izan ere, hirugarren laurdenean errenta mantentzea lortu eta gero, laugarren laurdenean izandako beherakadarako puntuak pilatuta zituzten. Bi puntura hurbildu zen Valladolid, eta aurretik jartzeko baloia ere izan zuten, baina asmatu ez. Sei minutu geratzen ziren, eta bazirudien amaierara arte ezin izango zela erabaki noren aldekoa izango zen garaipena. Bada, hor azaldu ziren Lakunza eta Goar, garaiz. Realzaleek Kovacevic-ekin hainbestetan errepikatu zuten esaldiaren antzera: «Goar hiruko, no problem». Ia jarraian hiru hiruko sartu zituen eta berriro ere lasaitasuna jarri zuen Usabalen. Garaipena, etxean geratuko zen. Akabo dudak!

Yon Gonzalezen hitzak:

Iñigo Morenoren hitzak:

Neskak, ezin

Igoera faseko bigarren neurketa jokatu zuten neskek, eta bigarren porrota jaso dute Bidasoaren aurka, 56-39. «Neurketa kaskarra izan zen, baina talde hau gai da gauzak hobeto egiteko. Demostratu izan du, baina horretarako lan egin behar da, taldeak ahal duela sinetsi behar du, eta nahi izatea behar du», aitortu du Kepa Jauregi entrenatzaileak.

Kepa Jauregiren hitzak:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!