Amiano: «Bigarren itzulian egur asko emango dugu»

Asier Imaz 2015ko urt. 20a, 16:44

Tolosa Eskubaloi taldeak larunbatean jokatu zuen bigarren itzuliko lehen partida. Etxean erraz gainditu zuen Zumaiko Pulpo taldea, 14 goleko aldeaz. 

Partida jokatu aurretik, gutxik esperoko zuten horrelako tartea, lehen jardunaldian, Tolosa Eskubaloiak Pulporen aurka galdu egin baitzuen Zumaian. Juan Martin Amianok honela ikusi zuen larunbateko lehia: «Pentsatzen genuena baina lasaiago irabazi genuen. Beraiek talde gaztea eta ona daukate; hiru jokalari adibidez, Espainiako txapeldun gelditu berri dira. Nire ustez nekatuta etorri ziren Tolosara, eta horregatik markagailuko diferentzia. Baina normalean ez dut uste bi taldeen arteko aldea horrenbestekoa denik. Pentsa, euren etxean gol batez galdu genuen».  


Hala eta guztiz ere, Amianok ez dio meriturik kendu nahi bere taldeari. «Nahiko erraz irabazi dugula ezin da ukatu. Nire ustez, horren zergatia argia da: gure jokalariek badakite bigarren itzulian ezin dutela partidarik galdu. Orduan, pixka bat gogor jo beharra daukagu».


Estatuko lehen mailan jokatzen duten bigarren urtea da. Iaz, helburu argia zuten: mailari eustea. Aurten, proiektua sendotu dute, fitxaketak medio, eta helburua igoera fasean sartzea da. Horretarako, lehen bi postuetan sailkatu beharko du Tolosa Eskubaloiak. Aurpegi berriak taldera egokitzeko ongi etorri zaie lehen itzulia Amianoren esanetan. Orain baikor agertzen da presidentea: «Talde berria zen zentzu batean, eta hasierako zalantza haiek konpondu dira. Lesioak eta ikasketen arazoak ere gainditu ditugu, Arratibel, Mikel Amiano... Gorantza goaz une honetan. Bigarren itzulian, uste dut egur asko emango dugula».
Hirugarren sailkatuarekin berdindurik daude tolosarrak, eta bigarren postua, bi puntura dute. Guztiei elkarren aurka jokatzea tokatzen zaienez, bigarren postua bere eskura dauka Tolosak. «Jokatzen ari garen bezala jokatzen badugu, hortxe ibiliko gara. Gogorra izango da, oso talde onak baitaude maila honetan. Adibidez, asteburu honetan Santoñaren aurka jokatuko dugu euren etxean. Zaila izango da. Gure atzetik indartsu datoz. Baina aldi berean, han irabazten baldin badugu, urrats handia emango dugu. Astetik astera nola goazen ikusi beharko da», amaitzen du Amianok.

Emaitza
Tolosa Eskubaloia    40
Pulpo                     26

Sailkapena
1. Eibar                                             30p
2. Anaitasuna                                    27p
3. Arrasate                                        25p
4. Tolosa Eskubaloia                          25p

Urtarrilaren 24an, 18:30ean, Santoñako kiroldegian: Santoña-Tolosa Eskubaloia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!