«Pazientzia eta sakrifizio asko eskatzen du argazkigintzak»

Mikel Iraola 2015ko urt. 18a, 10:00

Gaueko argazkigintza atsegin du Miguel Urbistondo gazte tolosarrak. Lan ikusgarriak ditu, tartean, osatzeko bi urte behar izan dituen time-lapse bat. Baina nola egiten du lan? Luze eta zabal hitz egin du.

Imajinatzen duzu zeure burua gau batean bakarrik Uzturreko puntan? Edo Azpirotz Gaina delakoan -3 graduko tenperaturarekin? Eta hartuko zenuke astelehen buruzuri batean autoa, bi orduz bidaiatu, gauez hiru orduz argazkiak ateratzen egon eta etxera itzuli, hurrengo egunean lanera joan behar izanda? Bada hori egiten duenik.

Miguel Urbistondok (Tolosa, 1988) adibidez. Gaueko argazkigintza atsegin du, eta afizioz orduak eta orduak ematen ditu izarrei begira, ondoren argazki bidez zeruaren edertasuna erakusteko. «Pazientzia eta sakrifizio» handiko lana dela dio.

Nondik dator argazkigintzarekiko zaletasuna? Nola hasi zinen?
Argazkigintza ikasten ari zen kudrillako batek time-lapse bat erakutsi zidan. Nik ez nekien zer zen, eta nola lortzen zen azaldu zidan; gustatu egin zitzaidan. Orduan, interneten zer behar zen eta zehazki nola egin behar nuen bilatzen hasi nintzen. Diseinu grafikoa ikasten nuen eta orduan argazkigintza ere ikasteko beharra nuela ikusi nuen. Dirua aurreztu nuen, eta ordenagailu bat edo kamera erostea erabaki behar izan nuen. Ordenagailua, berez, banuen baina diseinu grafikorako hobea nahi nuen, baina azkenean kamera erostea erabaki nuen. Ez nekien nola funtzionatzen zuen, automatikoan jarri eta argazkiak ateratzen hasi nintzen.

Eta gero zeure kasa ikasi duzu?
Bai, interneten saltseatuz. Kamara erosterakoan, gida hartu eta botoi bakoitza zertarako zen ikasi nuen lehenengo. Ez nekien zer zen diafragma, ezta obturazioa ere... Irakurri eta probak egiten hasi nintzen. Hasieran argazki normalak egin nituen, eta ondoren light painting delakoak, etxean linterna batekin. Gero hasi nintzen begiratzen zer behar nuen, time-lapse-a egiteko. Canon kamerek, Nikon-ek ez bezala, ez dute horrelakoak egiteko programarik kamaran integratuta, eta eskuz egiten ikasi behar izan nuen. Mando bat erosi eta etxeko balkoian kamara jarrita probatzen hasi nintzen.

Internetek, beraz, gai honen inguruan sakonki ikasteko aukera ematen du.
Ikaragarria da. YouTube-n time-lapse-ak nola egin azaltzen duten tutorialak daude, batzuk errazagoak eta beste batzuk aurreratuagoak. Argazkizaleen foroetan ere sekulako informazio mordoa dago. Nik nire dudak horrelako lekuetan argitu nituen. Galderak egin, eta erantzunak jasoz.

Zure lana time-lapse-ak eta gaueko paisaietako argazkiak ateratzera bideratu duzu. Zergatik?
Aurkikuntza bat izan zen niretzat argazkigintza mota hori, zeru izartsuei, Esne Bideari, argazkiak ateratzearena. Lagun batek erakutsi zidan, eta berarekin joan nintzen argazki batzuk ateratzera, gauez. Aurreko prozesu berbera jarraitu nuen, interneten bilatu nuen informazio gehiago. Hasieran uste nuen argazkia atera eta bost minutuko kontua zela, baina gero konturatu nintzen bere lana zuela. Argi gutxiko lekuetara joan behar duzu, mendietara adibidez, eta Tolosaldeak aukera asko ematen du zentzu horretan, mendiak bertan daudelako.

Zer behar du argazki batek ona izateko?
Lehenengo plano polit bat. Niri asko gustatzen zait hori, izan ere, atzean paisaia kokatzen dut. Horrek sakontasun asko ematen dio argazkiari. Gainera lehen plano horren eta paisaiaren atzean, izarrak nola pasatzen diren ikustea lortzen baduzu, argazkia ikusgarria da.

Eta zer egin behar da izarrak ongi ikusi ahal izateko?
Leku on bat aurkitu behar da, argi gutxikoa. Inguruan lekurik hoberena Berastegi izan daiteke. Zeruaren egoeraren arabera ere lortu daiteke. Horretarako mapa bat erabiltzen nuen argi-kutsadura mailaren arabera osatutakoa. Hark esaten zizkidan zeintzuk ziren lekurik txukunenak.

Astronomia aldetik ere ezagutza izan behar da?
Zerbait badakizu, hobe. Argazkigintza mota hau egiten duten askok Esne Bidea behintzat ezagutzen dute. Nik ezer gutxi dakit, baina gutxika ari naiz, zein kostelazio dauden, kokatzen eta abar. Argazkia atera beharreko lekura iristerakoan ongi kokatzen laguntzen du. Gaur egun mugikorretako aplikazioak ere badaude, ilargia eta izarrak non egongo diren esaten dutenak, eta nik askotan horiekin egiten dut.

Argazki bakoitzaren atzean esperientzia bat dago: orduak, bidaiak, planoak bilatu beharra...
Bai. Hasieran soilik argazkia ateratzen nuen. Aurrerago, lekua gertu bazegoen arratsaldean joaten nintzen leku on bat topatzera eta probak egitera, eta gauean itzultzen nintzen argazkiak ateratzera. Nahiz eta arratsaldea izan, mugikorreko aplikazioak gainera pistak ematen dizkizu ea gaueko ordu horietan izarrak non egongo ote diren.

Lekua urrun badago aldatzen da kontua. Sekulako zerua zegoeneko gau batean Sos del Rey Catolico-ra, Zaragozara, joan nintzen. Bi orduko joaneko bidaia egin nuen, han hiru orduz egon nintzen argazkiak ateratzen, eta gero itzulerako beste bi orduko bidaia nuen. Eta hurrengo goizean lanera! Horiek kasu bereziak dira, baina argazki guztien atzean ordu asko daude.

Uzturren gaua ere pasatakoa zara.
Bai. Arratsaldean, egun argiz, igo behar izan nuen. Behin goran egonda, kamara probatu, eta zain egon. Time-lapse-rako erabili nituen argazki haiek, beraz, bideoko lau segundoko tarte bakoitzeko, gutxi gora behera, ordubetez egon behar izan nuen argazkiak ateratzen. Beraz, 12 segundorako, hiru ordu. Eta time-lapse osoa sortzeko bi urte behar izan ditut. Baina esperientzia oso polita izan zen gaua Uzturren pasatzearena, baita gainontzeko guztiak ere.

Barkatu, bi urte?
Bai, bi urte. Bideo bat egin nahi nuen argazki horiekin, eta time-lapse-a egitea erabaki nuen. Abestia aukeratu nuen lehenengo, eta horrekin irudikatu nuen nolakoa izatea nahi nuen. Azkenean, gero pare bat aldiz aldatu nuen abestia. Bi urte asko da, baina azkenean bideoak 3 minutu izan ditu eta horrek bere denbora behar du. Baina noski, again hilabetean bi gau on egon daitezke argazkiak ateratzeko. Urtean 24. Eta denbora ere izan behar da. Agian momentu horretan ere ezin duzu joan. Eta batzuetan joan eta ez duzu zorterik izaten eta egindakoa alferrikakoa da.

Motibazioa mantentzea ere zaila izango da, ezta?
Gerta daiteke desmotibatzea, bai, hiru gauez segidan joan baina ez duzulako ezer lortu. Eta orduan agian pasa dezakezu hilabete bat ezer egin gabe. Hala ere, berriro motibatzeko Interneten bideoren bat ikusi eta berriro ekiten diozu. Neguan ere gerta daiteke gogorik ez izatea, etxean goxo-goxo zaudelako. Baina egia da neguan argazkiak hobeto ateratzen direla udan baino, kameraren sentsoreak hotza hobeto xurgatzen duelako.

Zaila da denbora luzean zain egon behar izate hori?
Pazientzia asko izan behar da, lehenik eta behin. Gehienetan bakarrik joaten naiz, baina batzuetan neskalaguna engainatzen dut, eta batzuetan bera ere gustura etortzen da. Adibidez, ordu erdiz zain egotea ez da ezer niretzat, ohituta nago. Beste batek hamargarren minutuan ezingo luke jarraitu agian. Eta neguan, hotzarekin, batzuek erotuta nagoela ere esan izan didate. Baina gustura egiten dut. Hori bai, pazientzia eta sakrifizioa behar dira.

Nola pasatzen duzu denbora hori?
Normalean mugikorra eramaten dut eta pelikularen bat edo beste ikusten dut bertan. Neska-laguna edo beste lagunen bat nirekin etortzen bada, hizketan pasatzen dugu denbora. Normalean kamara jarri ondoren egiten dudan lehen gauza, afaltzea da. Izarrak ikusteko ere aprobetxatzen dut. Azken finean, ez naiz argazkiak ateratzera soilik joaten, bertan egotera ere bai. Hala ere, beti kamara begi bistan izaten dut, ez naiz fidatzen. Jende askori ikusi izan diot joan egiten dela, baina niri asko kosta zitzaidan erostea, eta ez naiz gai hor uzteko. Logura badut, izorrai! Baina nik ez dut kamara hor utziko.

Zein da esperientzia guztietatik gordetzen duzun oroitzapenik onena?
Lehen aldiz gauez izarrei argazkiak ateratzera joan nintzenekoa, Nafarroan. Kamera hobea erosi nuen eta iritsi berria zen, baita objektiboa ere. Ez nuen lorik egin, emozioz.

Eta lekuren bat daukazu begiz jota noizbait joateko?
Asko. Yosemite, Estatu Batuetan, esaterako. Interneten argazkiak ikusi ditut eta ikusgarria da. Leku ona argazki pila ateratzeko, nire ametsa hara joatea da.

Eta atera duzun argazkirik politena zein da?
Asko daude. Sos del Rey Catolico-n ikusi nuen zerua ez dut beste inon ikusi, adibidez. Izugarria da. Gogoan dut, lagun batzuekin joan nintzela teleskopio eta guzti, Photoshop-en ezer ukitu gabe ere kolore ikusgarriak ikusten ziren, harrigarria izan zen.

Photoshop aipatu duzu. Zenbaitek diote hori ez dela argazkigintza. Zer diozu zuk?
Normala da erabiltzea. Kamerak ez dizkizu plano guztiak aterako zuk nahi duzun moduan, eta akats txikiak zuzentzea ez da txarra. Gauza bat da zuzentzea edo balore batzuk aldatzea; eta beste bat da guztiz itxuraldatzea eta gauza berriak gehitzea. Nik argazkiaren berezko baloreak aldatzen ditut, berririk gehitu gabe.

Horrek plus bat ematen die argazkiei?
Bai, beharrezkoa da. Denek egiten dute. Bestela, ez dira hain ikusgarriak geratzen.

Orain arte argazkigintza afizioa duzu, baina ofizio bilakatzea gustatuko litzaizuke?
Gustatu bai, baina ez da gauza bera izango. Niri gaueko argazkigintza gustatzen zait, eta hortik bizi ahal izateko oso profesionala izan beharra dago. Nik uste nahiago dudala hobby bezala mantentzea. Izan ere, lana bihurtuko banu, nahiz eta gustatu, lana beti lana da.

Eta erakusketarik egitea pentsatu duzu?
Gustatuko litzaidake. Azkenean jende askok ez du nire lanaren berri, ez nautelako Tolosatik kamara batekin ikusten. Ezagutzera emateko onak dira erakusketak. Flickr eta YouTube-n nire lanak ikusi dituzten ezagun askok ez zekiten hori egiten nuenik, eta harriturik galdezka izan ditut. Niretzat hori da onena eta hunkigarriena, jendeari gustatzea.

Eta dakizun hori irakastea planteatu duzu?
Ikastaroren bat egitea diozu? (Barreak) Lotsatia naiz. Egingo nuke, petit comité-n. Egia da lagun eta ezagunak etorri izan zaizkidala kamaren inguruko gauzak galdetzen baina hortik aurrera ezer ez dut egin.

Zer erronka jartzen dizkiozu zeure buruari etorkizunerako?
Orain arte egin dudan time-lapse-a mugimendurik gabekoa da. Rail delako bat egin dut orain mugimendu apur bat emateko, eta orain mugimendudun time-lapse bat egin nahiko nuke, argiekin ere jolastuz. Dena den, horrek denbora asko eskatzen du.

Deialdi bat ere baduzu argazkizaleentzat...
Bai. Horrelako argazkigintza mota atsegin duenik bada, elkar ezagutzea ondo legoke, hizketan aritzeko, bidaiak batera egiteko, lekuak eta ezagutzak partekatzeko... Azken finean, konpartitzeko eta elkar ikasteko. Foroetan ere galdezka izan naiz, baina Gipuzkoa mailan ez dut inor ezagutu. Nafarroara askotan joaten naiz argazkiak egitera eta mezuren bat bidali izan didate Nafarroako talde batetik, baina ni ez naiz asko ibiltzen handik.

Argazki gehiago

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!