San Esteban auzoari eragingo dio, gehien, plan orokorraren berrikusteak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 15a, 08:30

Etxebizitzan, komertzioan, industrian eta Bedaio auzoan eragitea da, besteak beste, Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatzearen helburu nagusia.

"Egungo egoera sozio-ekonomikoari erantzungo dion hiri antolaketa bat egokitzea" da Tolosako Udalaren helburua, Ibai Iriarte alkateak eta Angel Uranga hirigintza teknikariak atzo azaldu zutenez. Gaur egun indarrean dagoen hiri antolaketa 2009. urtean onartutakoa da eta, orduz geroztik, "testuinguru ekonomiko eta soziala asko aldatu" direla azalduz, orduko plan orokorraren zenbait zati berrikusteari ekin dio udalak.

"Herri bat antolatu eta eraiki behar denerako tresna da plan orokorra, eta etorkizuneko hiria modu egokian eta koherentean diseinatzeko balio du", dio Ibai Iriartek. Plan orokorrak osorik berrikustea, ordea, oso epe luzerako prozesua izaten da eta, beraz, udalak antolaketaren zati batzuk bakarrik aldatuko ditu.

Beren erabaki plazaratzearekin batera, herritarrei begirako bi informazio saioren berri ere eman dute. Urtarrilaren 26an izango da lehen, San Estebango auzo elkartean, 19:30ean; ordu berean elkartuko dira, berriz, otsailaren 3an, pleno aretoan. Aurrerapen faseko eginbeharrak izango dira horiek, izan ere, plan orokorreko aldaketa horiei hasierako onarpena emango diete ondoren, udalbatzan. Hasierako onarpenaren ondoren, berriz, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu beharreko txosten eta dokumentazio guztia osatutakoan, behin-behieneko onarpena eta behin betiko etorriko lirateke.

Lau adar etorkizuneko Tolosa aldatzeko

Gaur egungo errealitateari erantzungo dion hiri antolaketarekin hasteko, etxebizitzaren esparruan proposatu dituzte lehen aldaketak: etxebizitza-eraikigarritasuna jaistea lortu nahi du Tolosako Udalak, zenbait arrazoi medio. Batetik, jaurlaritzako Lurralde Antolaketaren gidalerroek hala agintzen dutelako.

Bide beretik, Tolosan garatzeko daude, oraindik, Amarotz, Larramendi nahiz San Cosme eta San Damian bezalako eremuak: "Etxebizitza egiteko malgutasun handia dago oraindik", dio Iriartek.

Hari horri tiraz, herriko etxebizitzen %8-10 artean hutsik daudela ere jakinarazi dute, eta horri bestelako erantzun publiko bat emateko hautua iaz plazaratu zuten: "Zaharberritze politikak gero eta gehiago bultza behar dira".

Nabarmentzekoa da 2009. urteko plan orokorrak atal honetan jasango duela aldaketarik nabarmenena, zehazki, San Esteban auzoan. 1.100 etxebizitza eraikitzea aurreikusita zegoen, Bonberenea eta Ferialekua eraitsiz: "Gure asmoa bi eraikinak mantentzea da, noski, Tolosako bizi eta jardun kultural handienetakoari sortzen baitute".

Plan orokorra berrikusteko bigarren arrazoietako bat komertzioarena izan da. Horrela, udalaren proposamenaren ildotik, azalera handiko gune berriak eraikitzea mugatu ahal izango dute, komertzio txikia sustatuz.

Zerbitzuen sektoretik industriara pasatuz, Usabalen gisako eremuetan dauden enpresei beren jarduna garatzeko malgutasuna eskaintzea da helburua, "horretarako baldintza urbanistikoak eskainiz".

Azkenik, Bedaio auzoan ere etxebizitza eraikigarritasuna ere egokitzeko baldintzak eskainiko ditu plan orokor berriak, "hango biztanleen beharrei erantzuteko".

Eskuorriak buzoioetan

Herritarrekin biltzeko hitzordu horiez gain, Tolosako Udalak informazio hau guztia biltzen duen eskuorria banatuko du etxez etxe, datozen egunotan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!