Galdutako aukerak

M. Iraola 2015ko urt. 14a, 12:09

Despisteak medio 65-58 galdu du TAKEk Zizurren, nahiz eta partidaren gehiengoan ongi jokatu.

2014aren amaiera gazi-gozoa izan zuen TAKEk, Ointxeren aurka etxean galdu ostean. «Galdutako aukera» bezala definitu zuen Yon Gonzalez entrenatzaileak partida hura. Eta urte berria ere ildo beretik hasi du: salbazioa gerturatzeko aukera ona galduz.

Izan ere, bi neurketa horietan garaipenak eskura izan zituen talde tolosarrak. Eta etsigarriena da taldeak bere lana ongi bete zuela, bai aurreko prestakuntzan, baita kantxan ere. Indartsu irten ziren, eta lehen laurdenean lau puntuko abantaila lortu zuten. Bigarrenean, ordea, zertxobait okertu zen egoera, eta atsedenaldira 31-28ko emaitzarekin iritsi ziren.

Despisteak, ordea, garesti ordaintzen dira EBAn, eta horrek baldintzatu zuen neurketa, Zizurko taldeak aldeak handitu baitzituen. Hiru minuturen faltan bost puntura gerturatzea lortu zuen TAKEk, kastaz, eta hiru erasoko jokaldi izan zituen jarraian markagailura gerturatzeko, baina ez zituen aprobetxatzerik izan. 65-58 amaitu zen neurketa.

Galdutako aukeren onena, ordea, horietaz gogoratu behar ez izatea da, eta horretarako hitzordu garrantzitsua du TAKEk larunbatean, Usabalen. Universidad de Valladolid izango du aurkari: «Talde ona du, baina baja garrantzitsu bat izan dute aurten, eta asko nabaritzen ari dira. Gure lana eginez gero, partida irabazteko gai izango garela uste dut» aitortu zuen Yon Gonzalezek atzo ATARIA Irratian. Neurketa 19:00etan hasiko da.

Neskak, igoera fasean

Neskek, berriz, asteburu honetan hasi dute horrenbeste desiratu duten igoera fasea. Hasiera makal baten ostean, lan gogorra egin dute, eta txartela lortu zuten azkean. Larunbatean jokatu zuten lehen neurketa Bera Bera Grosen aurka, eta porrotarekin hasi dute ibilbide berria: 31-41. Larunbatean, Bidasoa Irunen aurka jokatuko dute bigarren jardunaldia, 16:00etatik aurrera, Irunen bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!