Eskubide sozialen karta jendarteratuko dute Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urtarrilaren 14a

Bada, jada, urtebete pasatxo, Euskal Herriko Eskubide Sozialen karta sortzeko lehen pausoak eman zituztela. Egiazki, gizartearen eskubideak bilduko dituen txostena herri eragileen, eragile sindikalen nahiz aldaketa soziala nahi duten herritarren indarrak batzetik sortu dute eta, horrela, gainerako herritarrei aurkezteko hitzordua jarri dute gaurko. Tolosako kultur etxean izango da aurkezpena, gaur, 18:00etan.

Gaur egungo egoera "errotik" aldatzeko gogoz, eztabaida prozesu batekin ekin zioten karta osatzeari, eta eskualdean, esaterako, bost asanblada parte-hartzaile egin zituzten, ekarpenak biltze horretan. Horrela, beraz, esku artean dute, jada, Eskubide Sozialen karta: "Finean, karta langile klasearen eta herritarren sektore zabalen eskubide  nahiz aldarrikapen sentituenen sintesia da".

Antolatzaileek azaldu dutenez, kultur etxeko aurkezpenak bi zati izango ditu: "Lehen zatian kartaren nondik norakoak azalduko ditugu: zergatik sortu zen, zein izaera duen, parte hartze datuak zer nolakoak diren, edukia... Bigarren zatian, aldiz, tailer bat egingo dugu bertaratutakoekin, eskualdeko diagnosi bat egin eta aurrera begirako borroka-ildoak zehazteko". Gogo eta helburu horiekin guztiekin bat datozen herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete, beraz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!