Norbanakoen iritziak bilduz osatu nahi du programa, EAJ-PNVk

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urtarrilaren 13a

Eskuorriak banatuko dituzte etxez etxe eta, horrez gain, sare sozialak ere martxan jarri dituzte, tolosarren iradokizunak biltzeko.

Tolosako Batzokian eskainitako agerraldian, "eragile tolosarrekin ekindako parte-hartze bideari jarraitzeko asmoa" azaldu du Olatz Peon Tolosako EAJ-PNVren alkategaiak. Horrela, herritarren iritzia biltzeko kanpaina martxan jarri dute.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira osatuko duten programak "oinarri abertzalea, demokratikoa eta inposatzerik gabea"  izango duela nabarmendu nahi izan du Peonek: "Ezker abertzalearen alternatiba garbia izango da, eta udalerriko hainbat sentsibilitate bilduko ditu".

Horretara iristeko, beraz, hainbat bide plazaratu berri dituzte. Batetik, eskuorriak banatuko dituzte Tolosako etxeetan, "egunerokotasuneko gaien inguruko iritzia eskatuz, hala nola, hondakinen kudeaketa edo trafikoa". Gainera, sare sozialetan ere zenbait kanal eskuragarri jarri dituzte: Facebook (facebook.com/opeonormazabal), Twitter, (@olatzpeon), Whatsapp (688 62 52 30) eta olatzpeonormazabal@gmail.com helbide elektronikoa.

Behin elkarte, eragile nahiz norbanakoen iritziak bilduta, egitasmoaren ondorioak plazaratuko dituztela jakinarazi du Peon alkategaiak, maiatzera begira: "Alkatetza berreskuratu nahi dugu, Tolosak antzina zuen ospea berreskuratzeko, tolosarrekin elkarlanean".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!