Lehen itzuli gorabeheratsua

A. Imaz 2015ko urt. 12a, 17:24

Partida amaieran triste zegoen Iker Dorronsoro Tolosa CF taldeko entrenatzailea. Alde batetik, Endikak izandako lesioagatik, eta bestetik, hiru puntuek ihes egin zutelako Berazubitik; denboraldi honetan, lehen aldiz.

Lehen itzuli amaiera tristea, izan ere, garaipenak hirugarren postuan jarriko zuen taldea, une honetan zazpigarren dago sailkapenean. Itzuli oso bat gelditzen da, ordea, puntuak pilatu eta 10 puntura dagoen bigarren postua lortzeko. Igandean, berriro ere Berazubin jokatuko du Tolosa CF-ek, irabazi beharreko partida.

Tolosa CF ongi atera zen zelaira. Baloiaren jabetza urdinena zen. Ordizia atzean sartuta, bere aukeraren zain zegoen. 1. minutuan, Zabaletak abisatu zuen, jaurtiketa ahul batekin.  Bereziren ordez atera zen aurrelari bizkorra igandean, eta aukera onena bere oinetan izan zuen 19. minutuan. Endikak baloia bere zelaian lapurtu zuen; kontraerasoan atera, eta Zabaletari eman zion. Aurrelaria, bi jokalari atzean utzi ondoren, arean sartu zen, atezainaren aurrean baloia loratuz. Langa jo zuen ordea, bete-betean, eta jokaldi bikaina bere horretan gelditu zen. Aurrez, 11. minutuan, Ordiziak ere lehen abisua eman zuen, area ertzetik jaurtiketa ahul batekin.


32. minutuan, kanpokoen gola etorri zen. Zelai erdian hegaletik atera zuten, eta ohartzerako, baloia tolosarren penalti puntuan zegoen. Harri aurrelaria bakar-bakarrik aurkitzen zen bertan, baloia sareetara bidaltzeko. Tolosa CFren jokoak behera egin zuen une horretan, eta atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ziren bi taldeak.


Loidi eta Imaz beroketa lanak egiten jarri zituen orduan Dorronsorok. Fuentes eta Aitor aldageletan gelditu ziren.


Bigarren zatia indartsu hasi zuen etxeko taldeak. 49. minutuan, Loidik jokaldi bikaina egin zuen ezker hegaletik, baina azken pasea ez zuen inork topatu, eta berdinketarako aukera ona galdu zuen Tolosak. 51. minutuan, Jon Gomez saiatu zen, eta gutxigatik ez zuen lortu gol olinpikoa. Korner jaurtiketa hori kanpokoen atezainak atera zuen ozta-ozta.


63. minutuan, etxekoak bat gutxiagorekin geratu ziren; Unaik bigarren horia ikusi zuen, eta epaileak ikusle eta jokalarien pazientzia agortu zuen. Bat gutxiagorekin oraindik eta gehiago berpiztu zen Tolosa, azken minutuetan «bihotzarekin jolastu dugu» zioen Dorronsorok, arrazoi zuen, izan ere, berdinketa gertu zegoen; baita 0-2koa ere.


Ondorengo minutuetan Diezek izan zituen bi aukera, baina kale. 76. minutuan etorri zen albiste txarrena: Endika puskatu egin zen. Aurkariak ukitu gabe lurrera erori zen hegaleko jokalari gaztea, belaunean «krask» bat sumatu ondoren. Bi lagunek eraman zuten aldageletara, eta bertatik anbulantzian ospitalera, «belauna hazi-hazi eginda». Ea lehenbailehen sendatzen den berastegiarra, taldeak bere beharra izango baitu ondorengo partidetan.

Beñat Larrañaga, Tolosa CFko jokalaria:

 
Erregional Ohorezko Maila
 
Tolosa CF    0
Ordizia    1

Sailkapena
1. Aretxabaleta                       40p
2. Aurrera                              36p
3. Anaitasuna                         29p
7. Tolosa CF                           26p

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!