"Porrota" izan da Tolosako hondakin bilketa sistema, PSE-EEren ustez

Tolosaldeko Ataria 2015eko urtarrilaren 12a

Jose Ignacio Asensio ordezkari sozialistak "errespetu falta" egotzi dio Bildu eta Aralarrek osatutako udal gobernuari.

Prentsa ohar baten bidez bilketa sistema berriaren balorazio propioa egin dute Tolosako PSE-EEko kideek, Jose Ignacio Asensio alkategaiaren izenean. Besteak beste, "hasieratik gaizki funtzionatu duen sistema" izan dela azpimarratu du, eta "edukiontzien neurria, hondakin organikoarentzat, txikiegia" dela: "Bideetan eta eremu berdeetan poltsak agertzen dira, horren ondorioz".

Bide horretan, Eguberrietako ospakizunen ondorenak hizpide izan ditu Asensiok, egoera "larritu" egin dela azalduz: "Erronka garrantzitsua izan da porrot hutsa den sistema honentzat".

Horrenbestez, beraz, eta, "zentzuz jokatzea eskatuz", Jose Ignacio Asensiok hautazko bosgarren edukiontzia aldarrikatu du, Eibar adibidetzat jarriz: "Eibarko gobernu sozialistak hautazko bosgarren edukiontzia ezarri du, horren aldeko apustua egin duten herritarrei hobari fiskalak ezarriz, eta eibartarren %90 jada sistema horrekin ari da".

Horren harira, "Bilduk kalbario bat sortu" duela nabarmenduz, "inposatzearen gainetik kontzientziazioa" jarri du Asensiok, eta "errespetu falta" egotzi dio udal gobernuari: "Kalitate demokratiko hori baliogabea da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!