Ezin izan dio liderrari irabazi

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 10a, 20:24

Tolosa Eskubaloiak 25-26 galdu du Eibar liderraren aurka. Bigarren zatiaren hasieran tolosarrak aurretik jarri badira ere, ezin izan diote abantailari eutsi. Lehen bi sailkatuen arteko partida zela nabaritu da, Usabal kiroldegiko harmailak jendez bete baitira.

Alex Nogues entrenatzailearen sentsazioa zerbait gehiago egiteko gai zirela izan da: "Ez ditugu guztiz irakurri ahal izan planteatu dizkiguten defentsa irekiak, eta gero golak sartzeko eraginkortasuna falta izan zaigu. Gu normalean 30 gol inguru sartzen ditugu, eta ez gara horretaraino iritsi". Defentsan jendea falta zitzaien, eta pentsatzen zuten 6-0 sistemarekin hobeto ariko zirela, baina azkenean eraginkorragoak izan dira 5-1ekoarekin.

Partidaren hasieran hiru edo lau baloi galdu ditu Tolosak eta Eibarrek kontraerasoan golak sartu ditu: "Beraiek hartu duten abantaila horri buelta emateko lan asko egin behar izan dugu. Bigarren zatian beraien atezainak baloi zail batzuk atera ditu, eta gure eraginkortasun falta horrek min egin digu", esan du Noguesek. Atsedenaldira 12-13 galtzen joan dira eta gero bigarren zatian gol batengatik irabazten jarri dira. "Aurretik jartzean ematen zuen partida orekatu egin zela, baina azkenean defentsa irekia egin dute, fisikoan oinarrituz, eta guk ez dugu lortu lasaitasuna mantentzea eta baloia behar bezala mugitzea une horietan", zehaztu du entrenatzaileak.

Lehen itzulia bukatu da eta gaurko emaitzarekin seguruenik playoff postutatik atera egingo da Tolosa. "Espero genuen lehen bi postuetan bukatuko genuela lehen itzulia, baina bestalde ikusten dugu ere aukerekin gaudela", esan du Noguesek. "Erakutsi dugu Eibarrekin maila berdinean jokatu dugula. Eibar taldekoak kadeteetatik batera jokatzen ari dira, eta guk elkarren arteko jokoa hobetzen jarraitu behar dugu".

Hasieran urduri aritu direla azaldu du Iker Ortiz jokalariak partidaren balantzea egiterakoan: "Gaizki hasi gara, urduri geunden liderraren aurka zelako partida, eta pixka bat ahul aritu gara defentsan. Ikusi dugunean markagailuan abantaila hartzen ari zirela, orduan hasi gara hobeto defendatzen, eta behintzat gerturatu gara".

Elkarren arteko joko horri buruz ere aritu da Ortiz: "Eibarrek taldea osatuta du, eta guk beraien kontra jolasterakoan talde bezala egon behar dugu defentsan eta erasoan". Ez du taldea leku txarrean ikusten Ortizek aurrera begira: "Jardunaldi honetara hirugarren eta laugarren iritsi direnak, gero gure kontra jokatu beharko dute bigarren itzulian, eta horiei irabazita berriro ere beraien aurretik jarriko gara. Azkenean urtean zehar jarriko da talde bakoitza bere lekuan".

Infantil neskak, txapeldun

Tolosa Eskubaloi taldeko neska infantilek Bidasoak antolatu duen Pitch Brioche Pasquier torneoa irabazi dute. Torneoan aurkari zituzten Bidasoa, Aloñamendi eta Eibar A eta Eibar B taldeak. "Oso ondo aritu dira jolasten, baloia oso ondo mugituz batera eta bestera", esan du Iker Galartza entrenatzaileak.

Bestalde, ligan hirugarren postuan daude, bi partidaren faltan. Lehen lau sailkatuak pasatzen dira hurrengo fasera eta aukera dituztela ikusten du entrenatzaileak. "Ilusioarekin ari dira jolasten. Bigarren urtea du taldeak, eta ikusten da aurreko urtetik daudenak nola ari diren berriei laguntzen, eta ilusio hori partekatzen", gaineratu du Galartzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!