«Txirrindularitza profesionala utzi arren, errepidean jarraituko dut»

Mikel Iraola 2015ko urt. 8a, 11:40

Irene San Sebastian txirrindulariak (Tolosa, 1990) kirol profesionala uztea erabaki du, askoren artean harridura piztuz. Ikasketei helduko die orain, baina bizikletako gurpilek bueltaka jarraituko dute, ez baitu jaisteko asmorik.

Erretiroa hartzea erabaki zenuen urte amaieran. Zergatik?
Luze eta zabal pentsatutako erabakia izan da, ez bat-batekoa. Ikusirik zein den emakumezko txirrindularitzaren egoera, nire ikasketetan zentratzea erabaki dut, eta ondoren bide horri jarraitzea.

Nolakoa da bada emakumezko txirrindularien egoera?
Pertsonalki gauza asko eman dizkit. Nire bizitzaren parte bat izan da, nire izaera baldintzatu duena. Gauza positibo asko eman dizkit, eta horrekin geratuko naiz. Baina zaila da, urtetan gizonezkoen kirola izan delako. Emakumezkoak nahiz eta gero eta indar gehiago hartzen ari diren, oraindik ezberdintasun nabarmenak daude. Profesionalki txirrindularitzara dedikatzea oso zaila dela ikusirik, eta beste ikasketa, hobby eta ilusio batzuk ditudala ikusita, bigarren horietara joatea erabaki dut.

Luze eta zabal pentsatutako erabakia izan dela diozu. Zer pasa zaizu denbora horretan burutik?
Urte asko eman ditut mundu honetan. Ilusio eta amets asko nituen, eta ez dut lortu hauek egia bilakatzea. Horrek baldintzatu nau, ametsak dituzunean horiek lortzeko gauza guztiak jartzen dituzulako mahai gainean. Baina ateak ez dira beti zure alde irekitzen, eta beste bide batzuk jorratzea ere positiboa izan daiteke.

Une horietan gertukoen babesa garrantzitsua izango zen, ezta?
Noski, beti. Ez da kirol erraza. Ordu asko eskatzen ditu entrenamendu eta prestakuntzan. Horregatik guraso, entrenatzaile eta lagunak ondoan izatea ezinbestekoa da. Bizikletatik kanpo bultzatzen zaituenik ez bada, bakarrik geratzeko arriskua duzu.

Jende ugari harrituta utzi du erabakiak. Aurtengo emaitzak ikusita, sorpresa izan da askorentzat.
Bai, baina aurtengo urtea ez da erraza izan. Belgikan izan naiz urtebetez ikasten, eta apustu bat egiteko gogoa nuen. Gauzak ez dira nahi bezala irten, eta hainbat egoera eta gertakizunen ondorioz uzteko unea iritsi zela pentsatu nuen.

Dena den, emaitza aldetik, zure urterik oparoena izan da.
Bai. Belgikan hasi nuen urtea, 11. sailkatu nintzen garrantzia handiko proba batean. Udaberri osoan ere han izan nintzen. Nire bizitzako esperientziarik onena izan da orain arte. Lagun asko egin nituen eta lasterketetan gozatu egin nuen. Ekainean ere Espainiako Txapelketan bigarren egin nuen, Ponferradan, Mundialeko zirkuitu berean. Taldekide bat aurretik joan zen, nire aukerak jokatu nituen eta bigarren egitea lortu nuen esprintean. Baina nik beti esaten dudan bezala, txirrindularitzaz disfrutatzen uzten den unetik uztea da erabakirik onena.

Eta urte amaiera honetan disfrutatzeaz utzi duzu?
Hala esan daiteke, bai. Ate asko itxi dizkidate, eta ez da gustagarria izan. Beste gauza batzuk ere badauzkat bizitzan, ez da dena txirrindularitzara mugatzen. Arkitektura ere gustatzen zaidala ikusirik, hortik jarraitzea erabaki nuen.

Munduko txapelketarako hautatua ez izatea kolpea izan zen?
Bai, mingarria izan zen. Urtean zehar amestutako zerbait zen. Ez zen posible izan eta urteko beste une onenekin geratuko naiz.

Zer izan dute onetik eta txarretik urte hauek guztiek?
Bietatik izan dut. Beti esan izan dudan moduan, bizitza ez da arrosa kolorekoa, eta txirrindularitza ere ez da horrela izaten. Errepideak ematen dizkizun gauzak ez dizkizu beste ezerk ematen bizitzan. Edonori galdetzen badiozu badu txirrindularitzak engantxatzen zaituen zerbait. Une txarrak badauden arren beti aurrera jarraitzeko gogoa izaten da, eta profesionalki utzi badut ere ez daukat errepidea uzteko asmorik.

Aurrerantzean, beraz, txirrindularitzari denbora eskainiko diozu?
Txirrindularitza ez da dirua irabazteko izan, gustatzen zaidalako egon naiz beti. Hori ororen gainetik. Ezinezkoa edo oso zaila da emakume izanda horretatik bizitzea. Baina gustatzan zaidanez jarraituko dut. Momentuz, nire kabuz, beste kirol batzuk ere praktikatuz. Mendira joatea gustuko dut, adibidez. Gozatzeko izan dadila

Zein mezu helaraziko zenieke hasten ari diren txirrindulari gazteei?
Egiten dutena egiten dutela ere, disfrutatzeko horrekin. Une onak gozatzeko eta aprobetxa dezatela lagunak egin eta beren buruaz harro egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!