Urteari Vienan bezalaxe ekiteko kontzertua Leidorren

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urtarrilaren 8a

Strauss Festival Orchestraren ikuskizuna izango da 20:30ean Leidorren; sarrerak eskuragarri daude.

Urte berriaren hasierako ohiko ospakizunek aspaldikoak diruditen arren, 2015ak zortzi egun besterik ez ditu gaur. Duela astebete, hain justu, Vienako (Austria) urte berri kontzertu arrakastatsua izan zen, eta errepertorio beraz gozatzeko aukera izango da, iluntzean, Leidor aretoan.

Strauss Festival Orchestraren eskutik, urte berri kontzertua izango da Tolosan ere, musikarien eta balletaren lana uztartuz.

24 urteko ibilbidea dute, eta Europa osoko oholtzarik prestigiozkoenetan aritutakoak dira, 5 milioi ikusletik gora erakarriz: Vienako Musikverein, Amsterdamgo (Herbehereak) Concertgebouw, Berlingo (Alemania) Philarmonie, Hamburg-eko (Alemania) Musikhalle, Erromako (Italia) Auditorium Parco della Musica nahiz Madrilgo (Espainia) Teatro Real. 20:30ean hasiko da kontzertua, gaur, Leidor aretoan, eta sarrerak eskuragarri daude, oraindik, www.kutxasarrerak.net web atarian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!