Shanti txapelketa, balioen festa

Mikel Iraola 2015ko urt. 6a, 17:26

Goizean jokatu dira XXXIII. Shanti Torneoko finalak, giro onean eta kiroltasun osoz. 620 haurrek hartu dute parte aurten, iaz baino 65 gehiago.

Ez dago haurrak pozik ikustea baino ezer hobeagorik. Eta hori da urtez urte, duela 33 urtetik hona, Eguberritako Shanti Torneoaren arrakastaren gako nagusia. Haurrek disfrutatu egiten dute Usabalgo kantxa gainean, baloiaren atzetik korrika, beren futbolari erreferenteen gisara.

Gabon guztietan zehar 620 haur izan dira lehiaketan parte hartu dutenak: mutilezkoen 51 talde -30 alebin, 13 benjamin (2005. urtekoak) eta beste zortzi 2006koak- eta nesken beste 14 -bederatzi alebin eta bost benjamin-.

Gaur biribildu dute festa finalekin, jende ugariren aurrean. Umorea ere ez da falta izan, Barriola harakinak alebin mutiletako bi taldeetako atezainei apustua egin baitie. Hau atezain bezala jarri da eta gola sartu behar zioten bakoitzak gazta bana eskuratzeko. Biek eraman dute.

EMAITZAK:

BENJAMIN EMAKUMEAK

Txapelduna: Anoeta
2. postua: Eguzki dizdiratsuak
3. postua: Iratxo txikiak
Finala: 4-0

BENJAMIN MUTILAK 2006

Txapelduna: Zuloaga Txiki
2. postua: Suziri beltzak
3. postua: Panterak
Finala: 4-2

BENJAMIN MUTILAK 2005

Txapelduna: Zizurkildarrak
2. postua: Lagun Onak
3. postua: All Blacks
Finala: 3-2

ALEBIN EMAKUMEAK

Txapelduna: Denok Bat
2. postua: Izurdeak
3. postua: Gu ta Gutarrak
Finala: 4-0

ALEBIN MUTILAK

Txapelduna: Txispa
2. postua: Zuloaga Txiki
3. postua: Hoberenak
Finala: 3-1

Ondoren, Mikel Arruabarrena Eibarko jokalari tolosarrak, Itziar Gastearena, Realeko jokalari billabonatarrak, Tolosa C.F.ko presidenteak eta Pello Etxabe kirol zinegotziak banatu dituzte sariak.

Batzuk hobeagoak, besteak txarragoak. Batzuk garaile, beste batzuk ez. Irabazleei zorionduz, galtzaileak txalotuz. Errespetu eta kiroltasun osoz. Eta horrela, guztiak pozik eta saridun joan dira etxera, izan ere, denentzat izan dira opariak. Horiek baitira, aipatutako pozaz gain, txapelketa honek transmititzen dituen baloreak.

Bide batez, guztia posible izan dadin egiten duten lanagatik merezitako txaloak jaso dituzte Enrike, Pitu, Javier, Antonio, Joxe eta konpainiak. Bejondeiela!

Guraso batzuen kexak
Guztia ez da horren biribila izan, izan ere, guraso talde bat oso desados zegoen Usabalgo irteeran aurkezleak esandako hitz batzuekin. Epaileen zenbait erabakien aurrean jasotako protesten inguruan honakoa esan du: "Amei zuzendutako mezua da hau: futbola ez da balleta, kontaktu fisikoko kirola da". Unean bertan haserrea nabaritu da harmailetan eta txistu eta oihuak entzun dira, eta amaieran zenbait guraso kexaka ziren. "Gauza puntual bat izan da eta festak jarraitu egin du, behar den moduan, baina lekuz kanpo daude horrelakoak. Eskatzen dugun gauza bakarra da hurrengoetan horrelakorik ez errepikatzea" esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!