Inauterietako kartel alternatiboaren bila

Ataria 2015eko urtarrilaren 5a

Pasa den urtean hasitako bideari jarraiki, aurten ere, abian da Iñauterietako Kartel Alternatiboaren 2. Lehiaketa. Boxa Arte Elkarteak bultzatutako ekimena da, eta parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 15a baino lehen egin beharko dute. 

Boxatik esan dutenez, Tolosako Inauterietako kartela egile berberak gauzatu du 1969. urtetik: «Tolosako Udalak, sortzaile ezberdinei aukera zabaldu ordez, pertsona bakarraren pribilegio egin du kartela». Boxaren ustez, aukera zein proposamen ezberdinak planteatu beharko lirateke, deialdiak zabalduz eta pertsona ezberdinen parte hartzea bultzatuz. «Hori dela eta, 2010. urteaz geroztik, kartel alternatiboa sortu dugu eta herriko leku ezberdinetan zabaldu», esan dute.
Hala, iaz kartel alternatiboaren lehenengo lehiaketa antolatu zuten, eta sari moduan, Boxaren serigrafi tailerrean kartel irabazlearen 100 ale egin ziren, Tolosako leku ezberdinetan zabalduz. Aurten, bada, bigarrenez egingo dute lehiaketa, eta pasa den urtean bezala, edonork parte hartu ahalko du. Hori bai, zirriborro bakarra aurkeztu ahalko du parte hartzaile bakoitzak, eta lanek jatorrizkoak izan beharko dute. Bestalde, kartelaren diseinurako, gehienez bi kolore erabili ahalko dira. Kartel fisikoetarako, gutxieneko neurria A3 izango da edo proportzio berberak errespetatzen dituen formatu bat. Formatu digitaletarako, berriz, JPG formatuan aurkeztuko dira lanak, 300ppp-ko bereizmenarekin eta 42x59,6 zm-tako neurriarekin ( A2 formatua).
Idatzi beharreko testuari dagokionez, «Tolosako Inauteriak 2015 / Otsailak 12tik 18ra» jarri beharko du kartelak. Proposamenak Boxa Elkartera, hau da, Tolosako San Esteban kaleko 19. zenbakira helarazi beharko dira, eta email bidez, gu@boxagara.com helbidera. Lanarekin batera, izen abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa jarri beharko dira, eta diseinuak firmarik gabe aurkeztuko dira, epaimahaia ez baldintzatzeko.
Zirriborroak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 15a izango da.  Epaimahai independiente batek erabakiko du kartel irabazlea, eta saria kartel irabazlearen produkzioa zein Tolosako puntu ezberdinetan zabalkuntza izango dira. Guztira, 100 kartel alternatibo zabalduko dituzte Boxakoek.
Kartelak Boxa Arte Elkartearen serigrafia tailerrean produzituko dituzte, eta produkzio gastuak Boxaren esku izango dira. Bestalde, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat egingo dute Boxa Arte Elkarteko B espazioan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!