Istripuen aurkako gakoak doan lantzeko egitasmoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urtarrilaren 2a

DYAk Osasunaren eta istripuen prebentziorako astea antolatu du zazpigarrenez; hilaren 12tik 16ra, euskarazko saioak izango dira, doan.

2009. urtean ekin zion, DYAren Gipuzkoako Irakaskuntza Eskolak, herritarrei begirako proiektuari. Berrikuntzen aldeko apustua eginez, gipuzkoarrei doako jarduerak eskaintzea izan zuten helburu. Horrela, aurten zazpigarrenez ospatuko dute Osasunaren eta istripuen prebentzioaren astea. Eskualdeari dagokionez, Tolosan izango dira proiektuko jarduerak, urtarrilaren 12tik 16ra bitarte.
Astelehenetik ostiralera, hitzaldi eta jarduerak tartekatuko dituen egitaraua prestatu dute aurten ere, elkarteak argi baitu zein den istripuen nahiz gaixotasunen aurkako gakoa: prebentzioa. Horrela, beraz, istripu eta gaixotasunak saihesteko aholkuak nahiz osasuna suspertzeko oinarrizko ideiak helaraziko dizkiete bertaratuei. Eta, astea biribiltzeko, istripu baten simulatzea egingo dute, ikasitakoa praktikan jarriz.
Aurten, hitzaldi eta tailer guztiak euskaraz izango dira, urtarrilaren 12tik 16ra, kultur etxean; 19:00etan hasi eta 21:00ak bitarte ariko dira.
Landuko dituzten edukiei dagokienez, berriz, saio bakoitzeko gai bat jorratuko dute, eta ohiko larrialdiekin hasiko dira; egoera horietan hartu beharreko jarreraz ariko dira, besteak beste.
Behin ohiko istripuei erantzuteko moduak landuta, hesgailuen oinarrizko tailerra, etxeko istripuen prebentziorako hitzaldia, bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra eta Zure bihotza zaintzea hitzaldia izango dituzte izena ematen dutenek.
Horrela, beraz, Osasunaren eta istripuen prebentzioaren asteko tailerretan parte hartu nahi dutenek, izen-ematea formalizatu besterik ez dute egin beharko 943 46 46 22 telefonora deituta edo irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbide elektronikora mezu bat idatzita.
DYAko arduradunek azaldu dutenez, saioak parte hartzaileak izaten dira eta, beraz, bertaratutakoen testigantzek eta kontsultek ere tarte zabala izango dute hitzaldietan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!