Inbertsioen %75a aurrekontu arruntetik egingo du Tolosako Udalak, 2015ean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 30a, 12:39

Gaur iluntzeko osoko bilkuran hurrengo urterako aurrekontua onartuko dute; udal gobernuaren proposamenaren bidetik, 24.575.000 eurokoa izango da.

Tolosako udal gobernuko kide Ibai Iriartek eta Lore Agirrek, hiru ezaugarri nabarmendu dituzte 2015eko aurrekontuei begira: "Sekula baino sendoagoa, egonkorragoa eta parte hartzaileagoa izango da datorren urteko aurrekontua".

Agirrek aitortu du garai ekonomiko zaila oraindik ez dela amaitu udalentzat, besteak beste, kanpo-erakundeen diru laguntzak "beherakada nabarmena" jasaten ari direlako: "Gipuzkoako Foru Aldundiaren Udalen Finantziaziorako Foru Funtsa igo egin da beste urtebetez, baina, udal lege propiorik ez dugunez, gure eskumenekoak ez diren zerbitzuetako zuloak bete behar ditugu, ezin direlako eskaini gabe utzi. Horregatik, guk finantzatu behar ditugu musika eskola, gizarte zerbitzuak nahiz euskaltegia, adibidez".

Errealitate horren aurrean, hala ere, Tolosako Udala "azken hiru urte eta erdi hauetan izan duen sendotasun handienarekin" dagoela baieztatu dute alkateak eta alkateordeak. Izan ere, udalak zuen 26 milioi euroko zorra 13 milioira jaistea lortu dute, eta horrek bi abantaila ekarriko dizkio udalari, hurrengo urtera begira: aurrekontuaren oreka berreskuratzea eta proiektu berrietarako mailegatzeko aukera.

Honako taulan ikus daiteke zorrak azken urteotan izan duen bilakaera:

 

2011 hasiera

2011 amaiera

2014 amaiera

Udal Maileguak

12.860.266

12.144.467

10.270.278

Sozietate Maileguak

3.519.347

5.002.116

231.158

Elosegi Parkea

8.000.000

5.000.000

2.000.000

Santa Luzia

1.511.618

1.415.312

413.345

GUZTIRA

25.891.231

23.561.895

12.914.781

Egonkortasunari dagokionez, berriz, 2015erako aurreikusitako inbertsioen %75 aurrekontu arruntetik finantzatuko ditu udalak; 2,5 milioi euro, alegia. Aipatzekoa da, 2014an ohiko aurrekontuko %37 baino ezin izan dutela erabili inbertsioetarako, beraz, datorren urtean baliabide propioak hazi egingo dira.

Azkenik, parte hartzeari tarte handiagoa eskaini izana ere azpimarratu dute Ibai Iriartek eta Lore Agirrek: "2011. urtean egindako lehen aurrekontutik hasita, ezinbesteko elementua izan da gure aurrekontuetan, eta urtez urte areagotu egin dugu herritarren ekarpenak jasotzeko aukera".

Horrela, aurten estreinakoz, tolosarrek zuzenean erabaki dute 200.000 euro zertan inbertituko dituen udalak. Era berean, auzoetako mantentze planarekin jarraitzeko asmoa du udal gobernuak eta, beraz, beste 200.000 euroko partida bideratuko dute horretara, auzotarrekin bilerak eginez. Parte hartzea lantzen jarraitzeko, bestelako ezein prozesuri begira, 20.000 euroko partida zehaztu dute datorren urterako eta, gainera, Haurren Hiria proiektuarekin aurrera jarraituko dute. Horrenbestez, 2015. urteko aurrekontuko 500.000 euro parte hartzeari estu lotuak izango dira.

Laguntza berriak

Kirolari, kulturari, gazteriari, festei nahiz azokei dagozkien ohiko diru laguntzak %5eko igoera izango dute 2015ean. Horiez gain, ordea, lau atal berri sortu ditu udal gobernuak, aurrekontuan.

Lehenik eta behin, landa auzoetara hobekuntzak eramateko proposamen sendoa egin dute: "Landa auzoetan jendea bizitzea nahi baldin badugu, zerbitzuak behar dira, eta zerbitzuek azpiegiturak eskatzen dituzte", azaldu du Iriartek. Horrela, beraz, gune horietara bideratutako ohiko inbertsioen partida bikoiztu egin du udalak; guztira, 120.000 euro bideratuko ditu landa eremura.

Horrekin batera, gainera, 65.000 euroko partida bat ere gorde dute, Montezkue, Urkizu eta Aldaba auzoetara egunean eskaripeko 4 taxi ezartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualderako eskainitako zerbitzuan auzo horiexek kanpoan geratu dira eta, beraz, aldundiarekin batera txertatuko dute zerbitzu berria hiru auzoetan, "garraioa behar duten herritar asko baitago bertan".

Bigarren berrikuntza gizarte zerbitzuei dagokiena izango da, "diru laguntzak osatzeko". Ibai Iriartek azaldu duenez, "beste erakundeen partidetako zuloak estali behar dira" eta, horrela, "udalaren eskumenekoak ez diren arren", hirugarren adinari nahiz behar larriak dituztenei begirako partidak mantendu egingo ditu udalak, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiko laguntzen partida %50 igoz: 76.000 euro, guztira.

Bide beretik, Abegi zentroari ere ohiko ditu laguntza igotzea erabaki dute; zentroaren finantzaketaren erdia dagokio berez udalari, baina parte hartzezko aurrekontuaren bidetik eta, bertako boluntarioekin beharrak identifikatu ondoren, 68.300 euroko ekarpena egingo diete.

2015eko aurrekontuan pisu nabarmena izango duen esparruetako bat merkataritzarena izango da. Tolosako udal gobernuak atal propioa sortzea erabaki du eta, herriko merkatari elkartearekin elkarlanean, "zenbait proiektu berri" garatzeko asmoa azaldu dute. Modu horretan, 200.000 eurotik gorako aurrekontua bideratuko dute gune bizien egitasmora eta denda txikiak itxi beharrean belaunaldi berrien eskuetara pasatzeko proiektura.

Azkenik, memoria historikoaren alde ere ale bat jartzea proposatu dute aurrekontuan. Aranzadi zientzia elkarteak aurrez ere egina du, Tolosan, 1936 eta 1945 urteen artean izandako gertakari historiko nahiz bortxen inguruko bilduma lana. Datorren urtean, berriz, bi bilduma berri osatzen hasiko da erakundea, Tolosako Udalaren 30.000 euroko laguntzarekin. 1945-1978 epealdikoa izango da bata, eta 1960-2014 bitartekoa, bestea.

Inbertsio aipagarrienak

Azkenik, 24,5 milioi euroko aurrekontutik nabarmentzekoen artean, inbertsio azpimarragarrienak ere hizpide izan dituzte. Batetik, Elosegi parkearen desjabetzetik 1.000.000 euro ordaindu beharko dute datorren urtean ere; 2016a izango da azken urtea. Halaber, Santa Luziako desjabetzeagatik ordaindu beharreko azken 207.000 euroak 2015ean jarri beharko ditu udalak.

Bukatzeko, Bidebidetako urbanizazio lanak eta Elosegi parkeko egokitzea ere proiektu garrantzitsuen abiapuntu izango dira: "Bidebietakoa egiteko gogoa genuen, baina baliabiderik ez; datorren urtean, ordea, lehen faseari ekingo diogu", azaldu dute. Horrela, aparkalekua egokitzearekin hasiko dira, horretara 1.000.000 euro bideratuz. Era berean, Elosegi parke barruko bide guztiak nahiz sarrera egokituko dituzte, irekiera bermatzeko; 106.000 euro bideratuko dituzte horra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!