Astelehenean jarriko da abian Migel Soroaren oroimenezko III. Ogi Berri Txapelketa

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 30a, 12:14

Tolosako Beotibar frontoian jokatuko dira partidak, jubenil, etorkizunezko eta elite mailan. Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, maila handiko jokoa ikusiko da beste behin.

Antton Soroa Migel Soroaren semea, Anizeto Lazkano antolatzailea, Mikel Arregi Gipuzkoako Pilota Federazioaren presidentea, Joxe Ramon Salaberria Gipuzkoako Epaileen Elkarteko presidentea eta Ander Letamendia Migel Soroaren biografia idatzi zuena izan dira aurkezpenean, Alegiako Route 33n egindakoa.

Maila bakoitzean bi talde daude, bakoitza bost bikotez osatuta. Eskailera moduan arituko dira, talde bakoitzean hiru bikote geratu arte, eta gero ligaxka jokatuko dute beraien artean. Azkenik, talde bakoitzeko lehen biak finalerdietara igaroko dira. "Aurreko urteko sistema berdina jarri dugu", azaldu du Lazkanok. "Aurrekoan ondo atera zen, arrakasta izan zuen, eta oraingoan ere horrela izatea espero dugu". Lazkanok Ogi Berri babesle nagusiari zein beste kolaboratzaileei eskertu die emandako laguntza txapelketa antolatu ahal izateko.

Mikel Arregik azaldu duenez, "pilotaren indar handiena profesionalen eskutik dator, baina afizionaturik gabe pilota profesionalik ez dago. Zentzu horretan ere esan behar da txapelketa honek izan duen arrakasta. Pilotarien mailaz aparte, jendeak ere erantzun egin du". Gipuzkoa herrialde pilotazalea bada ere, Tolosaldeak pilotazaleen aldetik "indar berezia" duela gaineratu du Arregik, eta hori Beotibarren argi ikusi dela. "Euskal Herriko nahiz kanpoko pilotariak daude, eta txapelketa Gipuzkoan jokatzea pozgarria da. Era baikorrean baloratzen dugu, beraz, txapelketa".

Abenduan bete dira 60 urte Migel Soroak bi txapelak, buruz burukoa eta lau t'erdikoa, lortu zituela urte berean. Hori gogoan hartuz, Ander Letamendiak MIgel Soroari buruz hitz egin du, eta "pilotari handia izateaz aparte gizon handia" izan zela azaldu du, eta Soroak Beotibarren "leku berezi bat izatea" merezi duela eta jendeak horrela eskatzen duela adierazi du.

Astelehenean, urtarrilak 5, izango da, beraz, lehen jardunaldia, 16:30ean hasita. Martxoaren 7an aurreikusten da izango direla finalak, baina aukera dago ere, tartean lesiorik balego, martxoaren 14a arte atzeratzeko.

Epaileek, babesle berria

Migel Soroaren oroimenezkoaren aurkezpena baliatu zuten aurten Gipuzkoako pilota epaileek eramango dituzten jantziak erakusteko. Hiru urteko hitzarmena lortu dute Ogi Berrirekin babesle moduan aritzeko. Epaileen lehendakariak eskertu dio Ogi Berriri egindako esfortzua eta azaldu du espero dutela hitzarmena denboran zehar luzatzea. Pilota epaileek jantzi horiek soinean eramango dituzte afizionatuen zein profesionalen partidetan; azken horietan, txapelketa profesionalak ez direnean. Iparraldera joaten direnean ere epaile lanak egitera, soinean eramango dituzte jantzi horiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!