Kamera baten 'klisk'ak, historia tolosarraren lekuko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 30a, 11:51

Iosu Otaegiren omenezko erakusketa antolatu dute haren lankide izandakoek, Aranburu jauregian; datorren urtarrilaren 30era bitarte ikusgai izango dira 140 argazkiak

Igaro da, jada, urte eta erdi, Iosu Otaegi argazkilaria zendu zenez geroztik. Gaixotasun larri batek eraginda 2013ko abuztuan hil zen eta, haren kamerak irudi gehiago izoztu ez dituen arren, oinordekotzan sekulako argazki artxiboa utzi zuen Otaegik, hainbat urtetan egindako lanaren isla.

Tartean dira 1997tik 2013ra bitarte El Diario Vascoren Tolosako albisteei jarritako argazkiak, eta haren lankideek omenaldi xumea egin nahi izan diote, Juanma Goñik azaldu duenez: «Berarekin lan egiten genuenok oso gogoan dugu Iosu eta ez dugu ahaztu. Horrela, zer edo zer egin behar genuela pentsatu izan dugu askotan, Iosuk egindako lana ezagutzera emateko. Gure ustez, bera izan da Tolosako azken urteetako bilakaeraren notario grafiko handiena; milaka argazki atera zituen, herriko bizitza eta bilakaera laburtuz». Horrela, Iñigo Royorekin batera prestatu du egitasmoa, eta argazkien aukeraketan Iñaki Elolaren laguntza ere izan dute, eta Tolosako Udalak babestu du proiektua.

Egunkarirako argazkiak ateratzearekin batera, Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean aritzen zen Abesbatza Lehiaketan nahiz Titirijain, eta beste hainbat gizarte eragileri ere laguntzen zien. Kideek nabarmendu dutenez, ordea, «bere umiltasunagatik eta protagonismo guztietatik ihes egiteko joera horregatik, Iosuk egindako lana ez da merezi bezain ezaguna».

Errekonozimendu hori plazaratzeko, beraz, 74 paneletan antolatutako 140 argazki baliatu dituzte. Astearteetatik larunbatetara zabalik izango da gunea, 17:30etik 20:30era, eta urtarrilaren 30a izango da erakusketaz gozatzeko azken eguna. Aipatzekoa da, era berean, Topic zentroak ere bere aletxoa jarri nahi izan duela omenaldian, eta Titirijain parte hartutako konpainia latinoamerikarrei Iosu Otaegik egindako argazkiekin erakusketa bat antolatu dutela, zentroan bertan.

Irri nahiz negarrak erretratatuz

Tolosako historia berrienaren lekukotza horrekin batera, pozari eta tristurari, aldarrikapen eta haserreei, nahiz bizitzari egindako erretratuak ere ikusgai izango dira Aranburuko erakusketan.

Herriak hirigintzari dagokionez urte gutxian jasan duen aldaketa ere jarraitu ahal izango da, batetik, Voith lantegiaren eraistea, Amarozko papelerarena, Igarondo igerilekuarena nahiz Alliri auzoko lanen hasiera bere objektiboarekin lekukotu baitzituen Otaegik. Halaber, Tolosako Udalak azken urteotan izandako udalbatza guztien irudiak ere jaso dituzte erakusketan.

Aldaketa politiko nahiz sozialekin batera, ordea, pertsonei eta herritar xumeei arreta jarri zien Otaegiren kamerak. Horrela, La Pirula eta Mattin Labaien erretratatzeko aukera izan zuen, besteak beste.

Erakusketak berez duen hunkidura kutsua hazi egiten da zenbait irudirekin, izan ere, Iosu Otaegik egindako azken argazkia ere aukeratuen artean da. Hector Manuel Salcedo organo jotzaileari aterakoa da, 2013ko abuztuaren 5ean; hil baino egun batzuk lehenago egin zuen irudia.

Argazkilaritza pasio zuen, eta gaixotasunak jarritako oztopoen gainetik, amaierara arte jarraitu zuen kamera eskuan, munduari bere begirada eskaintzen. Begirada apal hark utzitako harribitxietako batzuk ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du haren omenezko erakusketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!