Iñaki Artolak eta Jon Ander Albisuk txapelketari tamaina hartu ezin jarraitzen dute. Bi neurketetan sentsazio gazi-gozoak utzi dituzte: batetik, porrotak izan dira biak eta Alegiako aurrelariak gaur aitortu moduan "ez dute hoberena eman"; bestetik, eta azken honi lotuta, tanto ederrak egin izan dituzte, eta horrek garaipenak etorriko direnaren itxaropena utzi du.
Gaurkoan Ezkurdia eta Zabaleta nagusi izan dira ia neurketaren gehiengoan. Parekatuta hasi arren, 4-5koaren ondoren, 15-4kora joan dira gorriak. Ez ziren gustura jokatzen ari. Ezkurdia aurrean eroso zegoen, eta Zabaleta atzean, berriz, nagusi. Zortea ere ez da bikote urdinaren aldeko izan, hainbatetan dominatu arren azken tantoa nafarrentzat.
Neurketa aldapan gora izanik ere, lanean jarraitu dute gipuzkoarrek eta 2-7ko partziala lortu dute, 17-11 jartzeko. Hortik aurrera, baina, Ezkurdiak eta Zabaletak egin dituzte tanto guztiak. Azkenean merezitako garaipena.
Honenbestez, nafarrak sailkapen nagusiko lehen postuan jarri dira, orain arteko bi neurketak irabazita, Retegi Bi eta Rezustarekin batera.
Bihar Irujo eta Barriolak Bengoetxea eta Zubietaren aurka jokatuko dute. Etzi, berriz, Eibarko Astelenan debuta egingo du Jokin Altuna amezketarrak. Xalak min hartu zuen astelehenean Tolosan eta bere ordez arituko da Merino II.arekin batera. Bengoetxea eta Aretxabaleta izango dituzte aurkari.