Berandu

M. Iraola 2014ko abe. 23a, 18:03

Hasiera kaskar bati buelta ezin emanda, 61-68 galdu du TAKEk Ointxeren aurka.

Kamioi batek guraizearena egin zuen larunbatean Tolosa parean, eta ondorioz, N-1 errepidea itxita izan zen pare bat orduz. Auto ilararen erdian, ordea, TAKEko entrenatzailea, jokalari bat eta mahaiko lanez arduratu behar zuten bi pertsona geratu ziren harrapatuta. Neurketa 40 minutuko atzerapenarekin hasi zen.

Denbora horretan beroketa lanak egiten jarraitu zuten bi taldeetako jokalariek, neurketa noiz hasiko zen jakin gabe. Agian ziurgabetasun horrek taldea ere berandu kantxaratzea eragin zuen. Izan ere, lehen hamar minutuak ahazteko modukoak izan ziren. Defentsan ez ziren fin ibili, eta erasoan ez zitzaien ezertxo ere atera tolosarrei. Arrasatearrek ere demostratu zuten talde landua direla. Horren erakusle, emaitza: 4-22.

Desabantaila hori gainditzea ezinezkoa izan zitzaien hortik aurrera tolosarrei, nahiz eta une batzuetan gertu samar ere izan zuten berdinketa. Izan ere, bigarren laurdenean minutu gutxitan hiru puntura murriztu zuten aldea: 21-24. Kontrakoa gertatu zen: tolosarrak bikain defentsan eta erasoan; ez, ordea, kanpoko taldea.

Atsedenaldira joan aurretik, ordea, hirukoei esker Ointxek zortzi puntuko tartea zabaltzea lortu zuen. 22-34. Ez zirudien arratsalderik onena.

Bigarren zatia gogorra izan zen, lehia estu eta bizikoa. Epaileek ere ez zuten lan erraza izan. Harmailak eta jokalariak piztu zituzten erabaki bat baino gehiagok, baina Gonzalezek partida amaieran aipatu moduan «ez zen aitzakiarik». Miguel Cruzen hirukoek esperantzaren atea irekita mantentzen bazuten ere, arrasatearren erantzuna segituan iristen zen. Une oro bost eta zortzi bitarteko aldea mantendu zen markagailuan. Azkenean, 61-68 amaitu zen.

Yon Gonzalezen hitzak:

 

Miguel Cruzen hitzak:

 

Gonzalezek aukera bat pasatzen utzi izanaren sentsazioa zuen neurketaren amaieran: «Tren garrantzitsu bat zen eta ezin genuen hartzeko aukera pasatzen utzi. Irabaziz gero aurkari zuzenei beste partida bateko tartea zabaltzen genien. Horrek esan nahi du Gabonetan gogor jarraitu behar dugula lanean».

Gogoratzeko moduko urtea
Larunbata egunik hoberena izan ez bazen ere, porrota jaso arren, 2014a historiara pasako den urtea izango da. Une gogoangarri asko utzi ditu, baina berezienetan bereziena, ezbairik gabe, Arrasaten EBA mailara igoera lortu zenekoa izan zen. Eta kasu horretan berdin zion puntualtasunak, goiz edo berandu baino, iristeak baitzuen garrantzia. Orain, berriz, errealitate bilakatu da, eta hori berandura arte mantentzea da helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!