Munduari begiratzeko behar den kolore more hori

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abenduaren 20a

Hi haiz, hi! / Beldur barik ikuskizuna eskaini zuten atzo, Tolosako Topic zentroan, Hirukide eta Laskoraingo batxilergoko ikasleek; genero biolentziaren aurkako aldarri artistikoa izan zen.

Hunkitzekoa izan zen, Topic zentroko aretoan batxilergoko ikasleek erakutsitako gogoa, indarra eta asmo osoa. Genero indarkeria gazteen artean lantzeko asmoz, Hi haiz, hi! jaialdia bosgarrenez ospatu zuten atzo, eta ikus-entzunezko, bertso, dantza eta kantuak izan ziren oholtzan.

Biolentzia sexistari aurre egiteko eta kontzientzia pizteko lanaz gain, ikasturte amaierako bidaia finantzatzeko laguntzatxo bat ere jaso zuten neska-mutilek. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Beldur barik bideo lehiaketara aurkeztutako eskualdeko bideo onenak 225 euroko ordainsaria jaso zuen, batetik, eta zuzeneko emanaldi onenak ere sari bera jaso zuen. Halaber, sarrerekin bildutako dirua ere bidaiarako gordeko dute.

Horrela, beraz, bide onenaren saria Asteasu aldera eraman zuen epaimahaiak, Aizan bideoko neskentzat. Topic-eko oholtzan hobekien aritu zirenak, berriz, Nadin eta Haizea bertsolariak izan ziren epaimahaiaren iritziz.

Badirudi garai berriak datozela, eta belaunaldi berriek begietan daramatela munduari begiratzeko behar den kolore more hori.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!