«Gaur egun ebakuntza egiten duten guztiek lortzen dute pilotan jarraitzea»

Iñigo Terradillos 2014ko abe. 21a, 13:07

‘British Journal of Surgery’ aldizkariak saritu egin du Ander Letamendia mediku tolosarra, Raynaud sindromea sendatzeko egin duen ikerketa lanarengatik; «oso pozik» dago, erretiroa hartu aurretik, bere ondarea utzi duelako.

Raynaud izenekoa pilotarien gaitz edo gaixotasun larrienetakoa bezala ezagutzen da. Eskuan edo behatzetan sortzen du kaltea gaixotasun honek, eta behar bezala sendatzen ez bada, behatza moztu behar izatea da duen ondoriorik latzena. Hain justu, Raynaud sindromeari aurre egiteko tratamenduarengatik saritua izan da Ander Letamendia. Urte askotako ikerketa lana izan da, pilota gaztetatik maite duen mediku tolosarrarentzat.

'British Journal of Surgery' aldizkariaren saria jaso berri duzu. Zertan datza ikerketa lana?
Raynaud gaixotasunaren ondorioz, behatz puntak odolik gabe geratzen dira, odol eza edo iskemia deritzoguna. Pilotaren kolpearekin sortzen da, zainak zanpatzearen eraginez. Antzina maiz errepikatzen zen, batez ere, babesak ez zirelako ondo jartzen. Pilotariak kontsultara etortzean behatza txuri geratzen zaiola esaten du, horregatik deitzen diogu, hatz zuria; azazkala ez zaio hazten, behatza zuritu egiten zaio, inurritu, ez du ondo sentitzen, eta pixkanaka-pixkanaka behatz punta zilborra osatzen bezala joaten da. Zilbor txiki bat egiten du barrura eta azken finean kutsatu egiten da eta gangrena batekin amaitu daiteke. Orain arte, ondo artatzen ez bazen, edo gaixo horrek pilota uzten ez bazuen, azkenean behatza moztu beharra izaten zen, gainerakoan behatza usteltzen joaten baitzen.

Bereziki pilotariei gertatzen zaie, beraz.
1970eko hamarkadan hasi nintzen eskuko gaixotasunen inguruko lehen ikerketekin. Inkesta bat egin nuen, eta orduan gehien agertzen zena eskuko mina edo hiltzea deritzona zen, gaztelaniaz el mal misterioso de los vascos deiturikoa. Baina, inork ez zekien zer zen. Behatz zuria deiturikoa ez zen agertzen orduan, baina, pixkanaka min hura desagertuz joan zen, eta hatz zuria edo Raynaud sindromea agertuz. Beraz, nire lehen lana gaixotasun horren zergatia aurkitzea zen, eta ondoren, horri sendabidea emateko bidea jartzea.

Ez zuen, baina, sendabide erraza.
Tesia egin nuenean, azken finean esaten nuena zen, gisa horretako arazoa zuen pilotari gazte batek edo eskupilota utzi edota erremontera pasa beharko zukeela. Tesia bukatu, doktoretza atera, eta ikerketarekin jarraitzera animatu ninduten. Orduan hasi nintzen pentsatzen arazo hori zuten pilotariekin zer egin zitekeen pilotan jarraitu zezaten. Ebakuntzak baziren, baina ez zuten emaitza onik ematen. Ikerketen ondorioz, eta denborarekin, ebakuntza horiek aldatuz eta hobetuz joan gara, eta gaur egun, zorionez, ebakuntza egin diogun guztiek pilotan jarraitzea lortu dugu.

Modu errazean kontatzerik duzu nolakoa den ebakuntza hori, zer aldaketa dituen?
Batez ere, behatzean bertan egiten da ebakuntza. Lehen lepotik egiten zen, gongoil batzuk kentzen ziren eta ahaleginak egiten ziren eskuetara odol gehiago irits zedin. Ikusten zen, baina, ebakuntza egin eta sei hilabetera berriro ere lehengo arazoarekin itzultzen zirela. Orain ikusi dugu, badirela lotura batzuk zainaren eta nerbioen artean. Beraz, horiek guztiak deskonektatzen ditugu, eta ondorioz behatza egoera onean geratzen da: gorri, bero, eta batez ere, sentsazio txar hori, hotz sentsazio hori galduta betiko.

Pilotariak, beraz, gustura egoteko moduan daude, lehen ez baitzegoen sendabiderik
gaitz honen aurrean.
Bai. Badira duela 20 urte baino gehiago egin zaienak ebakuntza, beraz, pentsa. Lasaitasun handia ematen du arazoarentzat konponbidea badela jakiteak.

Pilotariengan soilik ematen al da gaixotasun hau?
Emakume gazteengan ere izaten da, baina gutxi. Lan istripu bezala ere gertatzen da, esaterako, bibraziozko makinak erabiltzen dituzten beharginek izaten dute. Baina, kasu horretan ez da hatz batean soilik ematen, baizik eta guztietan.

Lan hau kongresu batean aurkeztu zenuen Albaceten, urria amaieran, hainbat mediku izan zineten, norberak bere lana aurkezten eta hor ere bitxikeriak tarteko izan ziren.
Ospitale askotako medikuak bertaratu ziren, euren ikerketen eta azterketen berri ematera. Nik nire ikerketa lana aurkeztu nuenean, mediku bat haserretu egin zen eta esan zuen lepotik ebakuntza egin eta gaixo guztiak sendatu egiten direla. Nik orduan erantzun nion nigana etorri izan direla lepotik ebakuntza egin dietenak, eta nik eskutik operatu ostean sendatu direla benetan. Eztabaida pixka bat sortu genuen, eta halabeharrez patrikan profesionalen pilota bat neramanez, eszenatokitik behera bota nuen, eta pilota ikusi zutenean konturatu ziren ez zela txantxetako kontua. Izan ere, gauza bat da teniseko pilota bat, airez betetakoa, eta beste gauza bat da 105 gramoko pilota bat. Nire aurkezpena bukatu eta nahiko lasai geratu nintzen. Trenean etxera nentorrela deitu egin zidaten esanez saria niretzako zela. Oso pozik hartu nuen albistea.

Euskal Herrian ez ezik gure mugetatik at tratamendu edo ebakuntza honen nondik norakoak ere erakutsiko dituzu.
Orain Bartzelonara joango naiz, hiru edo lau ebakuntza egingo ditut. Hara joateko eskatu didate beraiek, nola egiten dugun ikus dezaten. Eta hori izango da nire azken lana, ebakuntza hau erakustea, batetik, eta ikerketa lana aldizkari garrantzitsu batean argitaratzea. Horrela, hor geldituko da nire ondare moduan.

Beraz, zure bidea hartuko dute orain medikuek horrelako arazo edo gaixotasun baten aurrean.
Hori oso pozgarria da. Lana argitaratzen denean nahiko argi geratuko da nola egin behar den ebakuntza, baina Bartzelonako ospitale honen kasuan, hara joateko eskatu didate. Lagun artean eginiko zerbait da, mesede moduan egingo dut, eta ez lan moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!