EH Bilduk partehartzea bultzatuko du hauteskunde programa osatzeko

Mikel Iraola 2014ko abe. 18a, 19:32

Herritarrak ardatz hartuta,hauteskunde programa "zabala, erreala eta aurrerakoia" osatu nahi ditu koalizioak, eta horretarako alor bakoitzeko lantaldeak sortu ditu. Gaur talde bakoitzaren arduradunak aurkeztu ditu. 

EH Bildu hasi da dagoeneko 2015eko maiatzeko hauteskundeetan aurkeztuko duen programa prestatzen. Tolosarrekin batera osatu nahi dute, ordea, proposamen hori, eta horregatik, lantaldeak jarriko dituzte martxan gaurtik aurrera.

Ibai Iriarte, alkategaia izaki, izango da programa horren koordinatzailea, eta bere esanetan ez dute nahi "kaxoian gordetzeko" programa bat. "Ez du balio lau pareten artean sartu eta erabakiak guk hartzea. Herritarrek eraikiko dute etorkizuneko Tolosa. Herri aktiboa nahi dugu". 

Prozedura partehartzailea jarri dute martxan horretarako. Bertan "EH Bilduren proiektu politikoarekin bat datorren edonork" parte hartu ahal izango du, "burujabetza osoa eta justizia soziala" oinarri hartuta. Iriartek adierazi du programa "erreala, egingarria, gauzagarria eta herritarren beharretara egokitua" osatu nahi duela, "jakinda hutsuneak ditugula eta izango ditugula, baina horiek gainditzeko borondatea dugula". 

Abenduaren 30era bitarte lantalde horien parte izan nahi duten herritarren izenak bilduko dituzte, eta ondoren, alor bakoitzeko arduradunak dinamizatuko ditu lantaldeak. Horrela, herritarren behar eta nahiak identifikatu nahi ditu EH Bilduk. Ondoren, martxoaren hasiera aldera, alor bakoitzeko proposamenak batu, programa osatu, eta guztien onarpena jaso ondoren, publiko egingo dute.

Baina, Iriarteren arabera, lantaldeen dinamika ez da soilik hauteskundeei begirakoa: "etorkizunari begira ere aktibo mantentzea da gure ideia; udalaren politikan laguntzeko, bideratzeko eta konpartitzeko tresna izatea nahi dugu".

Hauexek dira lantaldeak: Garapen ekonomikoa, Gazteria, Ogasuna, Udaltzaingoa, Kultura eta Festak, Hirigintza, Hizkuntza, Politika, Kirola, Parekidetasuna, Gizarte Politika eta Giza Baliabidea). 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!