Gutuna: "Batu ditzagun arrazoiak, bihotzak eta eskuak: saretu gaitezen!"

Tolosako Sare 2014ko abe. 18a, 11:10

Pasa den astean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen. Zoritxarrez badira oraindik munduan, gizaki ororenak diren eskubideei itsu-mutu-gor egiten dieten egoera eta gertaerak. 

Badirudi urrun geratzen zaizkigula kasu hauek, baina gurean ere badira sistematikoki zapaltzen diren oinarrizko eskubideak, tartean dispertsioa, dagoeneko 25 urte daramatzana. Urraketa planifikatua, erabaki politiko baten ondorio. Mina eta mendekuan oinarritutako erabaki hau presoentzat eta beraien ingurukoentzat zigor gehigarri bat da, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen baten arabera legezkoa ez dena.

Izan ere, presoaren zigorra espetxea da. Etxetik urrun egotea zigor gehigarria da, presoarentzat eta baita presoaren ingurukoentzat ere. Europa guztian euskal preso politikoekin soilik ematen da kasu hau.

Espetxe barruan presoek isolamenduari, txantaiari, umiliazioei eta tratu txarrei aurre egin dieten bezala, beraien senide eta lagunek dispertsioaren zama ekonomiko, fisiko, psikologiko eta emozionalari aurre egin beharra izan diete.

Euskal jendartearen gehiengo zabalak ozen aldarrikatu izan du euskal presoak Euskal Herrian egon beharko liratekeela, beraien senide, lagun eta inguru sozialetik gertu. Legeak ere hala dio.

Dispertsioa ez da inoiz legezkoa izan, eta helburu bakarra pertsonak suntsitu eta makurraraztea izan du. Inoiz ez du zentzurik izan, eta are gutxiago gaur egun Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan, non gatazkak utzitako ondorioei konponbide justu eta iraunkor bat ematea den euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahia.

Dispertsioarekin eta bere ondorio larriekin bukatzea ezinbestekoa da, premiazkoa da. Horretarako, Sarek ezberdinen arteko elkarlana bultzatuz eta indarrak bilduz, presoak eta beraien senideak dagozkien eskubideen jabe izan daitezen lan egingo du.

Arrazoi sendo asko daude, juridikoak, soziologikoak, politikoak, baina batez ere gizalegezkoak, dispertsioarekin berehala bukatzeko. Arrazoi hauei sentimenduak gehitzera eta kalean adieraztera gonbidatzen zaitugu.

Horregatik, Sare ehuntzen joateko denon parte hartzea beharrezkoa da, baita zurea ere. Horretarako, abenduaren 20an, larunbata, goizeko 11etatik aurrera sarekideak egiteko mahaia jarriko dugu Trianguloa plazan. Egin zaitez sarekide!

Abenduaren 24ean 'Giza eskubideen alde, dispertsioa amaitu' mobilizazioa

Bestetik, abenduaren 24ean, 18:45ean, Giza eskubideen alde, dispertsioa amaitu lelopean, Tolosako Trianguloatik abiatuko den mobilizazio isilean parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Bertan aniztasunetik, adostasunetik, guztiok elkarrekin, pertsona ororen giza eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatuko diogu Olentzerori; eta batez ere, dispertsioarekin amaitzeko pausotxo bat emango dugu, behingoz egoera berriari erantzunez euskal presoak Euskal Herrian izan ditzagun dagozkien eskubideen jabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!