Tolosar ibiltarienek merezitako saria jaso dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 17a, 13:31

Kale biziak egitasmoaren baitako Mugi Tolosa proiektuak sekulako arrakasta izan du, eta 6 ibilbide edo gehiago egin dituzten herritarrak saritu nahi izan ditu udalak.

Hirugarren adineko ehunka tolosarren joan den urrian egin zuten, lehenengoz, ibilbide osasuntsuen mapa berriko lehen itzulia. Tolosako Udalak hainbat eragilerekin elkarlanean osatutako egitasmoa da, eta Kale biziak proiektuaren ildoari eutsiz, kaleak bizi eta aldamenekoekin partekatzeko deia egin zuten. Harrez geroztik, asteazkeneko 11:00etan elkartu izan dira ibilbideak egin eta, ondoren, salda hartzeko, eta udala "harrituta" dago egitasmoak izan duen harrera beroarekin.

Guztira bederatzi hitzordu izan dira eta, bataz beste, 100 lagunek parte hartu du astero-astero. Mugi Tolosaren arrakastak, gainera, ibiltzeko ohitura sustatzeaz gain, hirugarren adineko pertsonek beren buruari jarritako erronkak gainditzea ere ekarri du, izan ere, hainbat herritar 10:30ean elkartzen dira ibilbide luzeagoak egiteko.

Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, "honek aukera gehiago ematen digu elkarte horiekin elkarlan gehiago ere sortu eta gauza berriak egiteko". Horrela, ibilbide osasuntsuen bigarren fasea urtarrilaren 14an hasiko da, eta 11 astez elkartuko dira, orain arte egin bezala. Horren harira, Garikoitz Lekuona teknikariak asteazkenetatik kanpo ibilbideak egiteko deia egin nahi izan die bertaratuei: "Badakigu jendea ibilbide gehiago egitea eskatzen ari dela, eta ostiraletan elkartzen hasiko dira, aurrerantzean, udaleko eta proiektuko arduradunok bertan izango ez garen arren".

Eredu den proiektua

Asier Bakaikoa kirol teknikariak azaldu duenez, ez zuten arrakasta hori espero, eta, gainera, proiektua "erreferentzia izaten ari da bete herri batzuentzat".

Zenbait datu eta zenbaki eskaini dituzte, astero parte hartzaileek bete dituzten txarteletako datuetan oinarrituta. Horrela, aipatzekoa da 26 pertsonak irteera guztietan parte hartu dutela. Halaber, genero ikuspegitik emakume gehiagok parte hartu dute: 605 emakumek parte hartu dute, ibilbide guztiak kontuan hartuta; gizonezkoak, aldiz, 330 izan dira.

Tolosako Udalak sei ibilbidetik gora egin dituzten tolosarrak saritu nahi izan dituen arren, aipamen berezia egin diete, udaletxeko batzar aretoan, ibilbideak osatu dituzten 80 urtetik gorako herritarrei. Horrela, 86 urteko Francisca Zubia, 87 urteko Alejandra Morales, 87 urteko Alicia Lopez de Uribarri, 88 urteko Carmen Urdangarin, 88 urteko Luchi Ortega, 88 urteko Agustin Aranburu, 89 urteko Martina Zubia, 92 urteko Alicia Fernandez, 92 urteko Antonia Esnaola eta, azkenik, 98 urteko Brigida Alberdik jaso dute aipamen berezi bana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!