Aulkitik: Jon Azaldegi

Erabiltzailearen aurpegia Jon Azaldegi 2014ko abenduaren 17a

Zortzi jardunaldiren ondoren harritzen jarraitzen nau EBA ligak. Azken sailkatuaren aurka jokatzera joan eta 6.000 ikuslerentzako zelai batean aritu gara asteburuan. Aurkariak planta oneko gizasemeak ziren, tartean saskibaloitik bizi diren pare bat estatubatuar eta maila gorenean aritua den entrenatzailea. Parean, aldiz, gu geu.

Beroketan guri begira zirela barre txikia ateratzen omen zitzaien aurkariei, dirudienez ez dugu saskibaloi jokalari itxurarik. Txikiak, argalak, belaxkak dirudigu… Gizajo kuadrilla! Zorionez itxurak ezer gutxi balio du..

Larunbatean Arrasateren aurka jokatzea dagokigu. Zirt edo zart egin beharreko partida, aurrerapauso itzela eman baitezakegu irabaziz gero. Ilusioak, pasioak, zaletuen gertutasunak, giroak, kemenak, konpromisoak... ez dute formarik, baina galde diezagutela ea garrantzitsuak diren. Ohore bat da taldearen alde horrenbeste lan egiten duen jendea pozik ikusi eta emozio baikorrak sortarazten ditugula konturatzea, baita «boludo»ren baten bihotzean ere.

Bide batez, esan plazer bat dela beren etxeko atarira baino, sukalderaino sartzeko aukera eskaintzen digun komunikabide bat horren gertu izatea. Biba zuek! 1,2,3, TAKE!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!