Atondu liburuaren egilea da Ane Albisu (Donostia, 1960), eta Ikerfolkeko jantzien adarrean aritzen da. Ikasketak Euskal Filologiara bideratu zituen arren, azken hamarkadetan euskal folklorea da bere jardunaren erdigune.
Zein ildo jarraituko du saioak?
Hiru zati izango ditu. Lehendabizikoari Baserritar jantzia, kaletarren jantzia izenburua jarri diot, eta baserritar jantziaren iturburuaz nahiz XX. mendean egin duen ibilbideaz ariko naiz: modaren eraginaz, ekonomikoaz, politikoaz nahiz sozialaz. Saio guztia argazkiz hornituko dut, eta nire argudioak irudi horietan ikusi ahal izango dira. Eta, baserritar jantziaz gain, festarako erabili izan diren jantziak ere hizpide izango ditut. Bigarren zatian, duela 22 urte Ikerfolken sortutako Atondu egitasmoari buruz ariko naiz, eta proiektu horrek XXI. mendean izan duen eraginari buruz.
Praktikarako tarterik ere izango da, ezta?
Bai. Praktika txiki bat egingo dut, hainbat arroparekin. Guztia proposamenaren bidetik egingo dut, ez da dogmarik izango; hori bai, ikerketa batean oinarritutako irizpideei jarraituz. Adibidez, zapia, gerrikoa, abarkak, alpargatak, eta abarrak nola jantzi ikusiko dugu. Arropa batzuk ere eramango ditut, denborarik balego neska bat janzteko, izan ere, emakumeon kasuan gertatu dira aldaketarik nabarmenenak.
Gizonezkoenak ere bilakaera bat izango zuen, ezta?
Bai, baina egituran ez hainbeste. Emakumezkoen jantziaren egituran, buruko zapia ia galdu egin da, eta gonek zabalera, luzera nahiz kolore desberdinak izan dituzte. Gizonezkoenean, berriz, arkatz batekin silueta marraztuko bagenu, ia berbera litzateke azken urteotan: buruko txapela, abarkak, brusa... ez dira hainbeste aldatu. Aldatu dena oihalen kalitatea izan da, gehienbat, eta, batez ere, abarkak janzteko modua, galtzerdiak kanpora ateraz eta ia-ia belaunetaraino lotuz. Baina, esan daiteke baserritar jantziaren ezaugarrietako bat izan zela hori.
Nola aldatu da euskal jantzien erabilera azken hamarkadetan?
XX. mende hasieran iraultza garrantzitsu bat izan zen mendebaldean, batez ere, industrializazioaren eraginez. Hori beste osagai batzuekin nahastuta, Euskal Herriak ere sekulako aldaketa jasan zuen, eta garai hartan sortu zen baserriaren eta kalearen arteko desberdintasuna. Orduan sortu zen baserritar jantzia deiturikoa ere, baina beti kaletarren jantzia izan da; modari loturikoa, beraz. Eta ez arropari dagokion moda, baizik eta gaur egun gizarte osoa mugitzen duen moda berbera.
Korronteez ari zara?
Bai. Duela 22 urte Atondu proiektua sortu genuenean, iraultza txiki bat ere sortu zen, tantodun jantziez harago, kolorez ere jantzi zitekeela jakin baitzuen jende askok. Eta, zer gertatu zen? Gainerako moda sartzen den moduan, hau ere industrian sartu zela, jostunekin hasi eta fabriketara iritsi arte. Aldaketarako aukera bat ikusi zuen jendeak, eta hori da gaur egun gustukoen duguna: aldaketa. Mugikorrak urtebete egiten duenean, aldatu egin nahi izaten dugu, eta arroparekin zalantzarik ez, noski. Beraz, gure egitasmoa momentu onean iritsi zen, aldaketarako gose horregatik, batetik, eta baita beste arrazoi batengatik ere. Izan ere, 1970eko hamarkada bukaeran eta 1980ko hamarkada hasieran, haurrek bakarrik janzten zituzten euskal jantziak, eta, guk, gazte nahiz helduek berriro euskal jantziak erabiltzeko grina bazutela sumatu genuen.
Boom moduko bat izan zen?
Bai. Eta haren ondorioz, gaur egun jantziak gustuen arabera sortzen ditugu eta bakoitzak bere diseinua sortzen du.
Modari jarraitzeak, ordea, ez du esan nahi irizpide historikoak jarraitu behar ez direnik, ezta?
Edozein gauzarekin bezala, zerbait egiten edo sortzen hasi aurretik, ezagutu egin behar da. Munduan barrena badira eurena oso ondo ezagutzen duten kulturak: mundu flamenkoa edo irlandar kultura, adibidez. Haiek txikitatik ezagutzen dute berena dena, eta gero gai dira oinarri horrekin nahi dutena egiteko. Baina, gauza bera egin dezakete dantza nahiz kantuekin ere. Euskaldunok, ordea, gure modu horiek galdu egin ditugu; musikan, kantuan eta dantzan ez hainbeste, baina jantzietan bai, zeharo galdu ditugu. Nire lana hori berreskuratzea da eta, horregatik, Atondu deitzen diot proiektuari, prestatu, alegia.
Ezagutza hori zabaldu behar da.
Bai. Kontua ez da gehiago edo gutxiago egitea, baina jakin egin beharko genuke. Ni, adibidez, askotan atera izan naiz jaietan, mini-gonarekin eta buruko zapiarekin, eta ez naiz bakarra. Kontua da, geurearen jabe baldin bagara, gero jolastu egin dezakegula, baina, lehendabizi, jakin dezagun.
Zein gomendio emango zenuke, Gabonetan, adibidez, euskal jantziaz atontzeko?
Burutik janzten hasi behar da, eta burua ez da azkenerako utzi behar, alderantziz. Astirik ez baldin badago, jendea atera dadila buruko zapiarekin edo txapelarekin. Janzkera tradizionalean, herri guztietan, galdu den azken ezaugarria burukoa izan da, eta hor dago gure berezitasuna. Behin hori eginda, janzkera horri garrantzia eman behar zaio. Azken finean, baserritar jantzia imitaziozko jantzia da, beraz, badira jantziari nortasuna eman diezaioketen ukitu txikiak; adibidez, gona gerrian jartzea, aldaka parean jarri beharrean.