Hiru puntu baino gehiago

Asier Imaz 2014ko abe. 15a, 19:58

Iker Dorronsoro eta Endika Pelaez gustura zeuden larunbatean, Erregional Ohorezko Mailako Tolosa CF taldearen partidaren ostean. Entrenatzailea eta goleatzaileak, Aurreraren aurkako partidaren garrantzia azpimarratu zuten: «Bigarrenaren aurka jokatu dugu, eta hiru puntu baina gehiago zeuden jokoan». Galduz gero, Tolosa 13 puntura jarriko zen. Orain, zazpira dago. 

Iker Dorronsoro, entrenatzailea:

 
 
Endika Pelaez, jokalaria:
 

Partidan sartzea kosta egin zitzaien bi taldeei. Lehen 15 minutuetan, indarrak neurtzen aritu ziren, eta baloiak ez zuen kolorerik. «Zelai erdia irabaztea lortu dugu» zioen Dorronsorok, eta horrela izan zen. Tolosarrak aurkariaren pare edo gehiago zirela ikusi zuten, eta borroka gehienetan baloiarekin gelditzen zirela. Horren ordainetan, aukerak irabazi zituzten urdinek, eta horrela iritsi zen Endikaren lehen gola: hegaletik areara baloia, bertan bakarrik hegalekoa, lasaitasunez baloia gelditu, kontrolatu, jaurtiki eta gola.

Bigarren zatian borrokak bide beretik jarraitu zuen. Bi taldeek izan zituzten aukerak, eta Ruben atezainaren geldiketek mantendu zuten Tolosa CF aurretik. Aurrera arriskuarekin iristen zen, eta etxekoek bigarren gola behar zuten, azken minutuetara lasaitasunarekin iristeko. Area ertzeko falta batek ekarri zuen bigarren gola. «Jonek ateratzen ditu normalean faltak, eta ea probatu nahi nuen esan zidan. Baietz esan eta...», eta Endikaren izugarrizko gola.


Hamaikakoa eta joko sistema
Ruben atezainaren aurretik hiru defentsa sendo jarri zituen Iker Dorronsorok: Unai, Pablo eta Iban. Aurretik, Jon Gomez eta Mario Zubelzu. Hauen aurretik Segurola. Atzeko eta erdiko hirukoak laguntzen, Aitor eta Endika bera aritu ziren hegaletatik. Aurrean, «euren defentsa urduri jartzeko», bi aurrelari jarri zituen Dorronsorok: Fuentes eta Iñigo.

Berazubin partidarik galdu gabe, azken hiru lehiak irabazita, eta atzean golik jaso gabe, gorantz begira dago taldea. Urtea amaitu aurretik, beste partida bat jokatuko dute, eta hori ere etxean izango da.

Erregional Ohorezko Maila
Tolosa CF    2
Aurrera       0

Sailkapena
1. Aretxabaleta                          33p
2. Aurrera                                 30p
3. Martutene                             24p
5. Tolosa                                   23p

Hurrengo jardunaldia
Tolosa (5)-Antzuola (18)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!