Ikuskizun forma emango diote genero indarkeriaren salaketari

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 15a, 13:11

Hi haiz, hi! jaialdia ostiralean izango da, 20:00etan, Topic zentroko aretoan.

Travelling jaia izeneko festarekin abiarazitakoa, hezkidetzaz josi nahi izan zuen udalak eta, badira jada, lau urte, Hi haiz hi! / Beldur barik ikuskizuna ospatzen hasi zirela. Aurtengoa Hirukide eta Laskorain ikastetxeetako batxilergoko ikasleek prestatutako bosgarren emanaldia izango da, eta ostiralean bertan izango da, 20:00etan.

Gaur egin dute herritarrak gonbidatzeko agerraldia, izan ere, "helburu bikoitza" du proiektuak, Mikel Arreseigor gazteria zinegotziak nabarmendu duenez: "Genero indarkeria ardatz duen egitasmoa da, batetik, eta ikasturte amaierako bidaia finantzatzeko bide bat ere bada". Horrela, aipatzekoa da ostiralean eskainiko duten ikuskizunak lanketa sakona izan duela, hilabetetan barrena, Josebe Iturrioz parekidetasun eta genero indarkerian adituarekin.

Horixe izan da, hain zuzen, Aloña Lertxundi ikasleak azpimarratu nahi izan duena: "Garrantzitsua iruditzen zaigu arazo hau sakon lantzea, izan ere, ikaragarria da aurten biolentzia matxistak eraildako emakume kopurua". Bide horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko gaztetxoentzat antolatutako Beldur Barik bideo lehiaketa ere zuzen lotua izango da, Hi haiz hi! jaialdiarekin, bertan proiektatuko baitituzte parte hartu dute sei bideo tolosarrak.

Saioan, beraz, "gimnasia erritmikoa, flashmoba, bertsoak, musika emanaldiak eta, azkenik, Elene Arandiak eta Juantxo Zeberiok prestatutako abesti bat" izango dira, Miren Izagirre ikasleak azaldu duenez. Guztia, noski, genero indarkeriaren afera taularatuz eta salatuz.

Salaketarekin batera, batxilergoko ikasleek saririk eskuratzeko aukera ere izango dute, 225 euroko ordainsari bana izango baita, Tolosako Beldur Barik bideo onenarentzat, eta taula gaineko emanaldi onenarentzat. Azkenik, ikusleek bost euro ordaindu beharko dute sarrera, ikasbidaia finantzatzen laguntzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!