Gizonezko bat atxilotu dute Tolosa eta Anoetako ikastetxeetan lapurtzeagatik

Ataria 2014ko abenduaren 15a

Ostiral arratsaldean atxilotu zuten Tolosan 22 urteko gizonezkoa; Ertzaintzak adierazi duenez atxilotutako unean bere ibilgailuan inguruko ikastetxeetan lapurtutako 30 ordenagailu zeramatzan

Aipatu bezala, Ertzaintzak ostiralean atxilotu zuen gizonezkoa ustez azken hilabeteetan Tolosa eta Anoetako ikastetxeetan material informatikoa lapurtzeagatik. Ostiralean bertan 30 ordenagailu berreskuratu zituzten, ibilgailuan bertan baitzeuden.

Ertzaintzaren arabera, azaroaren 13an jakin zuten goizaldean lapurreta bat izan zela Tolosako ikastetxe batean. Ertzaintza bertaratu zenean, eskolako sarrerak eta armairuak behartuak izan zirela ikusi zuten, eta guztira 124 ordenagailu eramangarri falta ziren. Hiru egun beranduago, ikastetxe bereko beste eraikin batean 66 ordenagailu eraman zituzten. Bi hilabete lehenago Anoetako ikastolan, jardunbide bera erabiliz, 58 ordenagailu eramangarri eramatea salatu zuten.

Material hori lanerako oso garrantzitsua zela kontuan hartuta, Ertzaintzak "berehala" martxan jarri zuen ikerketa. Lehen ikerketetan ondorioztatu ahal izan zuten guztiak pertsona berak egindako lapurretak izan zirela, eta Tolosan kokatutako talde batekin lotu zituzten.  Egindako jarraipenen ondorioz, bildutako informazioarekin eta talde horretan mugimendu arraroak nabaritu ostean, ostiral arratsaldean talde horretako kide bat atxilotzea erabaki zuten. Oraindik ikerketak zabalik jarraitzen duela jakinarazi du Ertzaintzak, konplizeak identifikatzeko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!