Osasun publikoaren afera

EH Bilduk eta LABek bat egin dute osasun publikoaren aldeko manifestazioarekin

Ataria 2014ko abenduaren 10a

Osasusun publikoaren aldeko defentsan TOPAk larunbat honetarako antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute batak zein besteak.

Urtarrilean kudeaketa eredu berria, OSIa deritzona, ezartzekoak dira Asuncion Klinikan, eta horren aurrean aurkakotasuna adierazteko manifestazioa abiatuko da larunbatean, 12:00etan Trianguloa plazatik.

Mobilizazioak atxikimenduak jaso ditu azken egun hauetan. Atzokoan, EH Bilduk eman zion babesa, eta azaldu zuen beraien lehentasuna dela "zerbitzu publikoak bultzatzea eta hobetzea, osasungintzako langileen baldintza teknologikoak eta lan baldintzak hobetzea".

Eusko Jaurlaritzak eredu berri horrekin "froga pilotu" bat egin nahi duela salatu du koalizioak: "Osasungintza bezalako kontu garrantzitsu batetik aberastu nahi duten enpresen interesak babesten ditu". Era berean, osasun saila izaten ari den "isiltasuna" kritikatu dute.

Osakidetzak aurten izandako murrizketen aurrean ere kezka azaldu du EH Bilduk: "55 milioi euroko murrizketa izan du, eta ondorioz, espezialista gutxiago daude, botikak berrordaindu behar dira, eta langile gutxiago egongo dira. Osasuna ez da negozioa".

LAB sindikatuak, bere aldetik, uste du "kontzertuan adosturiko neurri batzuk atzeratzea lortu" duten arren, ezarri nahi duten OSI sistemak "pribatizazioa behin-betikotuko" duela. Hori dela eta, larunbateko manifestaziora joateko dei egin die herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!