Hurrengo urtean bai

Mikel Iraola 2014ko abenduaren 8a

Tolosa Eskubaloi taldeak 24-27 galdu du Euskal Kopan Bidasoaren aurka. Neurketa oso borrokatua eta ikusgarria izan da, Usabal bete duten 800 zaleren gozamenerako.

«Jokalari oso onak dira, handiak eta indartsuak. Saiatu gara, baina ezin izan da. Gehiegi». Iker Galarza kapitainaren hitzak dira neurketa amaieran. Horrek islatzen du neurketaren zailtasuna. Baina tolosarrek argi zuten hori, eta amaierara arte irundarrak estu hartzeko eta amore ez emateko helburuarekin kantxaratu dira. Eta bete dute. Ezin gehiago eskatu.

Neurketa oso estua eta borrokatua izan da hasieratik. Lehen hamar minutuetan parean izan dira markagailuan, baina ondoren erasoan zailtasunak izan dituzte urdinek: «6-0 defentsa oso ona dute, eta une batzuetan ezin izan diegu aurre egin» esan du Nogues entrenatzaileak.

Atepean, berriz, bikain aritu da Urtzi Otegi. A ze geldiketak! Behin baino gehiagotan oihukatu dute bere izena harmailetan. «Bera egon bazen atepean azken minutuetan, ojo!» zihoen Galarzak umorez, «baina tira, nik ere jokatu dut, eta gustura nago».

Une txarrak pasa dituzte urdinek eta atsedenaldiaren amaieran errenta moztu dute. 9-11ko emaitzarekin joan dira aldageletara bi taldeak. Bitartean, harmailetan itxaropena nagusi. Gozatzen ari ziren Usabal guztiz bete duten 800 zaleak.

Bigarren zatiaren hasieran indartsu irten dira Bidasoako jokalariak, eta ustez arauz kanpo egindako aldaketa baten ondorioz, bi minutu kanpoan egon behar izan ditu jokalari batek. Nogues ez zegoen konforme: «horrek aldea handitu du hasieran eta ondoren oso zaila izan da».

Bost eta sei goleko errenta izatera iritsi dira irundarrak, baina ibilian-ibilian eta etsi gabe, pixkana aldea murriztuz joan dira. Bi puntura ere jan dute aldea, eta amaiera zirraragarria izan da. Azkenean, ezin, baina oro har gustura: «Garrantzitsuena lehiatzea zen eta lortu dugu. Zaleek ere gozatu dute. Orain ligan hamaikagarrenaren bila jokatzea tokatzen da» aitortu du Noguesek.

Bidasoako jokalariak onak, handiak eta indartsuak ziren, bai. Pasa den urtean bezala. Baina tolosarrak ere pasa den urtean baino hobeak, handiagoak eta indartsuagoak dira, eta hori demostratu dute gaur. Hurrengo urtean irabaztea tokatzen zaie, merezi dute eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!