Iker Dorronsoro: "Gustura nago jokalariek erakutsitako jarrerarekin"

A. Imaz 2014ko abenduaren 8a

Erregional Ohorezko Mailako taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu zituen igandean, Lasarten, Ostadarri 1-5 irabazi ondoren.

Tolosa CF etxetik kanpo irabazteko premiaz joan zen bertara, eta lehen garaipena iritsi zen. Nola gainera: 1-5. Iker Dorronsoro entrenatzailearen esanetan, jokalriak lehen minututik partidaren bila joan ziren, «lehiakor», eta Azkoitian lortu ez zutena, Lasarten eskuratu zuten: «Orduan sartu ez ziren aukerak igandean gauzatu ziren. Lehen minututik aurkaria estu hartu genuen, eta atsedenaldira joan aurretik 0-3 gindoazen. Oso gustura gaude jokalariek egindako jokoarekin, eta erakutsitako jarrerarekin».

Bigarren zatian talde urdinak erasoan jarraitu zuen, eta Ostadar jan egin zuen. Amaieran 1-5 jartzen zuen markagailuak, baina beste hiru gol behar izan balitu Tolosak, sartuko lituzkeela zirudien. Aurreko etxean lortutako garaipenarekin, azken bi jardunaldietan ez du hutsik egin Tolosa CF-ek. Horren ondorioz, sailkapen nagusian jauzi handia eman dute goiko postuetara. Une honetan seigarren daude, hirugarren postua puntu bakarrera dutela.

Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko dute urdinek, eta erabakigarria izango ez den arren, bertan hiru puntu baina gehiago jokatzen direla onartu du Dorronsorok. Hitzordua jarria dago, abenduak 13, larunbata, 16:30ean Berazubin. Aurkaria ere jarria dago: Aurrera. Sailkapen nagusian bigarren postuan daude ondarruarrak, liderrarekin berdindurik. Tolosa 10 puntura dute, eta tarte hori «saskibaloian bezala, langa psikologiko moduko bat da», dio Dorronsorok. Hori murriztu edo handitu, hor egongo da larunbateko partidaren gakoa. Gabonetako atsedenaldiaren aurretik, Aurrerakoaz gain, beste jardunaldi bat jokatuko da, eta hori ere etxean izango du Tolosa CF-ek.

Euskal Ligako taldeari dagokionez, etxean jokatu zuten, baina Berazubin, eta 2-1 irabazi zuten Hernaniren aurka.

Erregional Ohorezko Maila
Ostadar        1
Tolosa CF    5

Sailkapena
1. Aretxabaleta                            30p
2. Aurrera                                   30p
3. Beti Gazte                               21p
6. Tolosa                                   20p
18. Antzuola                                7p

Hurrengo jardunaldia
Tolosa (6)-Aurrera (2)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!