«Puntua hartu arte asko praktikatzea eta produktua dira garrantzitsuena»

Iñigo Terradillos 2014ko abenduaren 8a

Tolosako Botarri jatetxeko Leire Etxezarretak irabazi du I. Gipuzkoako Parrillero txapelketa. Igandeko esperientzia zelakoa izan zen kontatu du.

Gustura sariarekin?
Bai, nola ez, oso gustura. Horrelako lehiaketa batera aurkeztu eta irabaztea pozik egoteko modukoa da.

Nolatan aurkeztu zinen?
Gertutasunagatik batik bat. Lehiaketa Tolosan zen, eta gu bertako jatetxe bat izanik, probatzeko eman genuen izena. Gainera, beste gauza batzuk ikusi eta probatzeko aukera ematen zigun. Txuleta eta zapoa prestatu behar zenituzten.

Nolakoa izan zen prestaketa prozesua?
19:30ean parrillak pizten hasi ginen eta ordubete beranduago, arrainak aurkeztu genituen. Gero txuletak atera genituen, eta epaimahaiak emaitzak eman arte zain egon ginen.

Ba al da sekreturik?
Ez pentsa. Beti lan horretan ari gara, eta azkenean hori dela uste dut, asko praktikatzea, puntua hartu arte. Eta bereziki produktua. Hori da garrantzitsuena, nire ustez.

Dena den, gomendioren bat eman ahal zenuke, txuleta bat parrillan ongi egiteko?
Sua egiten den bitartean, txuleta parrillaren inguruan jartzea ona da, tenperatura hartzen joan dadin. Beti ere egiten jarri gabe. Ez da ona hozkailutik atera berritan parrillan jartzea. Ikatzarekin brasa ona egitea ere garrantzitsua izaten da. Eta gero ez da gehiegi egin behar barrutik, baina beroa atera behar da. Bi alboak gorritu behar dira, kostra pixka bat izan arte.

Zer esangura du sari honek zuretzat, edo jatetxearentzat?
Guretzat pozgarria izan da. Ea sari honek balio duen Tolosa eta Gipuzkoa mailan ezagunagoak egiteko eta jende gehiago hurbiltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!