Tolosako EAJk bostgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi du

Ataria 2014ko abe. 5a, 19:01

Hondakinen kudeaketaren inguruan izan den "gardentasun falta eta inprobisazioa" kritikatu ditu, beste behin, EAJk. Egindako galderek ere "erantzunik jaso ez dutela" salatu dute. Era berean, kezka adierazi dute "sistema berriak hutsune handiak" dituelako.

Olatz Peonen ustez, hondakinen aferak bi eredu kontrajarriren arteko talka eragin du: "EH Bildurena, gardentasun, eztabaida eta adostasun ezean, eta inposizio eta kontrol publikoan oinarritutakoa; eta bestetik, EAJrena: hezkuntzan, eztabaidan, adostasunean eta informazio publikoan oinarritua".

Jeltzaleen alkategaiaren ustez, udalak "herritarrek zaborrak egoki sailkatzea bermatu behar du, eta horretarako erraztasunak eman behar dizkie". Gainera dio "herritarren ohiturak errespetatu eta haien eskaeretara egokitu" behar dela udala.

Bestalde, esan du mankomunitatea "eskualde osoak bilketa sistema bera izateko xedearekin" sortu zela eta legealdi honetan zehar erabakiak hartu eta sistema ezberdinak ezarri ahala, "desberdintasun ekonomikoak" eragin dituela: "bilketa mekanizatu batetik, bilketa manualera" pasa gara.

Horregatik, egokiena 28 udalerritan sistema bera ezartzea dela uste dute jeltzaleek eta "herriren batek beste sistemaren bat ezarri nahiko balu, ezberdintasun ekonomikoak herri bakoitzaren kontura joan beharko luke".

Hau esanda, EAJk hainbat galdera egin ditu: "zein kostu ekonomiko du atez-ateko sistemak aurrekoarekin alderatuta? Zein ezberdintasun ditu mistoak atez-atekoarekin? Noren kontura doaz atez-atekoa ezarria duten herrietan jasotzen dituztenen hobariak?". Galdera hauek behin eta berrik egin dituztela gaineratu dute eta horregatik azken galdera bat luzatu nahi izan dute: "zertan gastatzen du Bilduk tolosarren dirua?".

Jeltzaleek, puntuz-puntu honako ondorio hauek atera dituzte:

  1. Mankomunitateko webguneak dioenez: “Biztanle gehien dituzten herrietan (Andoainen, Ibarran, Tolosan eta Billabonan), hondakinak egunero biltzen dira, baita jaiegunetan ere”. Gure kasuan, organikoa ateratzeko egunak murriztu zaizkigu eta 3 egun horietatik haratago inork organikoa bota nahiko balu, edukiontzien kanpoa utzi beste aukerarik ez du. Mankomunitatearen webgunean esaten den modura, organikoaren edukiontzia egunero biltzen bada usain txarrak direla eta, zergatik ez dute tolosarrek egunero organikoa botatzeko aukera?
  2. Papera/kartoia eta plastikoa biltzeko edukiontzien ahoak ireki egin behar dira, askotan poltsak ez baitira sartzen eta ondorioz, kontenedore ondoan utzi behar izaten dituzte poltsak herritarrek.
  3. Asteburuan pilatzen da hondakin gehien kalean, horregatik edukiontzi gehiago edo handiagoak ezartzen dira, edota bilketa maiztasuna areagotzen da. Baina arazoa da edukiontziak ez daudela ondo dimentsionatuak eta banatuak ez dagoelako Tolosako bilketa aztertu duen azterketa teknikorik egina.
  4. Organikoaren bilketa orok hobaria izan beharko luke, izan auzo edo autokonpostagailu bidez, edota edukiontzi bitartez, diskriminaziorik egon ez dadin.
  5. Eguerdian Tolosako kaleak kartoiez gainezka egoten dira, bilketa eguerdian egiten delako eta aproposagoa litzateke, Tolosan merkataritzak duen garrantzia jakinda, bilketa gauez egitea eskualdeko beste hainbat herrietan egiten den moduan (Alegi, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Billabona eta Zizurkilen 20:00tatik aurrera biltzen dute kartoia).
  6. Dendari, ostalari eta elkarteen zabor tasak, gainera, etxeetako tasarekin badu ezberdintasunik. Errefusa gero eta maiztasun haundiagoarekin atera, orduan eta garestiagoa izan da. Lortuko dutena ez da errefusa gutxiago sortzea, baizik eta errefusa ahalik eta denbora gehien beren saltokietan gordetzea da.
  7. Kale garbiketa hobetu beharra dago, hondakinak kalean uzteak badu eta eraginik guzti horretan.

Hori dela eta, bostgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi du EAJk: "egutegia zabaltzen du eta herritarrei erraztasunak ematen dizkie".

Egora horren berri emateko EAJk hainbat argazki erakutsi ditu:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!