«Gau konplikatu baten lanarengatik 33 urte eman ditut txiste artean»

Naiara Roldan de Aranguiz 2014ko abe. 5a, 11:48

'Azken txorakikeriak' liburuaren berri eman dio Kike Amonarrizek ATARIA-ri. Argia aldizkarian azken hamarkadan idatzitako txisteen bilduma da

Kike Amonarriz soziolinguista, aurkezle eta umorista tolosarrak liburu berria du besazpian. 33 urtez Argia aldizkarian txisteak kaleratzen aritu ostean, atsedena hartzeko unea iritsi zaio. Azken hamarkadako txiste horien bilduma da Azken txorakikeriak liburua. Sail osoa osatzen duen bosgarren liburua da honakoa eta asteburuan Durangoko Azokako Argiaren erakusmahaiko berritasunen artean topatuko du irakurleak.

33 urtez Argia aldizkarian astero-astero umorea euskaraz kaleratuz aritu zara.
Oso gogoan daukat duela 33 urte zergatik hasi nintzen txisteak kontatzen Argian. Titiriteroak deituriko orria genuen, bertan iritzi artikuluak eta bestelakoak genituen. Egun batean, gaueko hamaikak ziren, orri bat bukatu eta entregatu behar nuen eta ez nekien zerekin bete. Txiste batzuk idaztea erabaki nuen. Orri bat txistez bete eta aurreko urte osoan jaso ez nuen erantzuna jaso nuen aste hartan: «Hi, txistea irakurri diat eta ona-ona!». Gau konplikatu baten lanaren ondorioz 33 urte eman ditut txiste artean.

'Azken txorakikeriak' liburuan hamarkada bateko umorea bildurik ageri da.
Hau jada bosgarren liburua da txorakikerietan baina aurretik bazen beste bat, Harpa jotzen deiturikoa. Azkena duela hamar bat urte atera nuen. Oraingoan azken hamar urte hauetan argitaratutako materialik onena bildu, aukeraketa egin, egokitu, berritu, moldatu eta aberastu dut.

Azken txorakikeriak jarri diogu eten bat egongo delako. Azken urte hauetan neke puntu bat ere sumatu dut. Urte asko dira, material asko argitaratu da eta eten bat egin beharra ikusi dut. Ez dakit etena urtebetekoa, sei hilabetekoa edo bost urtekoa izango den hurrengo 33 urteei ekin aurretik.

Non topatzen duzu txisteak sortzeko abiapuntua?
Iturri guztiak agortu ditut: jendeak kontatu dizkidanak, entzundako elkarrizketa xelebreak, izandako bizipen barregarriak, irakurritako txisteak, entzundako txiste kasete eta diskoak, telebista programetan ikusitakoak, topatutako itzulpen xelebreak, jendeak kontatutako gertakizun harrigarriak... Hori guztia jasota dago 33 urte hauetako uztan eta baita azken hamar urte hauetako liburuan ere.

Oso iturri ezberdinak dira baina beti ikuspegi propioa azaltzen saiatu naiz. Horregatik, liburuan tolosar eta gizonezko asko azaltzen da. Gure buruari barre egin behar diogula sinisten dudalako, saiatu naiz gure buruari barre egiten. Batez ere nire buruari barre egiten diot.

Honek liburuaren azalera garamatza; zu zeu azaltzen zara, Mona Lisaz mozorrotuta.
Mozorrotuta? Guapo ikusten naiz bertan.

Mona Lisa = Amona Lisa = Amona Risa ikusita, badaukagu antza zerbaitetan. Konparaketa horretatik sortu zen azala.

Azalak islatzen du barruan azaltzen dena. Sekulako lana egin dute Dani Blanco argazkilariak eta Sergio Labrador grafista eta diseinugileak. Koadroarekin ahalik eta antz gehiena izatea nahi nuen baina zertxobait moldatuta. Oso gutxitan gertatzen dena lortu dute: jendeak azala ikusi eta barre egitea. Umoreari buruzko liburu baten azalarekin barre egitea baino hasiera hoberik ezin da lortu.

Umorea, alor batean behintzat, lanbide bihurtu duzu. Zer da umorea?
Umorearen definizio garbirik ez dut inoiz aurkitu. Umorea tresna bat da baina nik umorea aldarte eta begiratzeko modu bezala definitzen dut. Bizitzaren aurrean jartzeko modua da umorea.

Umoreak besteekin erlazionatzeko, mundua ulertzeko eta problema eta egoeren aurrean malgutasun bat erakusteko jarrera eskaintzen du. Umoreak asko laguntzen du problemen aurrean, erlatibizatzen laguntzen du. Umoreak bizitzaren uler ezintasuna bideragarriagoa egiten laguntzen du. Eta umoreak egoera estu eta tinkatuetatik ateratzen laguntzen du.

Horregatik umorea ere bada intolerantziaren aurkako antidoto bat eta pertsonen arteko erlazioak errazteko eta olioztatzeko tresna egoki bat. Baina hau dena esan eta gero, kontrakorako ere balio du umoreak.

Eta egoera praktikoetara abiatuta, nolakoa da 'txorakikeri' bat?
Txorakikeri bat umorearen ikuspegi berezi bat ematen duena da, zer pentsatua ematen duena, irribarre bat sortarazten duena, kritika puntu bat duena, autokritika puntu asko dituena... Gustatzen zaizkit buelta bat duten txisteak, oso errealista den umorea.

Liburu honetan egoera erlatibizatzen saiatu naiz, genero ikuspegia lantzen. Esate baterako, umorea oso matxista izanda, liburuan bertan bikote mota asko eta erlazio mota asko ikusiko dira. Esaterako, txiste berak konnotazio eta irakurketa ezberdinak izan ditzake maindire azpian zer nolako bikotea dugun ikusterakoan.

Urte hauetan guztietan gizartea aldatu dela zalantzarik ez; baina umorea gizartearekin batera aldatu egin da?
Dudarik gabe. Duela 30 urte Benny Hill-ek grazia egiten zuen, gaur egun ez; gu geu aldatu baikara. Orain dela hainbat urte umorea oso matxista zen, eta horregatik egun txiste batzuek ez dute graziarik egiten. Umore politikoari begiratuta ere, gai batzuk erabateko tabua zirenak, jada gaur egun modu errazago batean tratatzen dira. Gizartea aldatzen den neurrian aldatzen da umorea; gure pentsaera aldatu egiten delako, grazia egiten diguten gauzak ere aldatu egiten direlako.

Besteak beste, umorea hotza delako. Egoeraren beroaren barruan zaudenean, berotasun horrek ez du umorea sortzen uzten. Distantzia behar da maila pertsonalean umorea sortzeko, bestela umorea mingarria bihurtzen delako. Umorea alde bikoa da, umoreak gozatzeko edo min emateko boterea du.

Zure liburu berria Durangoko Azokan topatuko dugu, baita zu zeu ere?
Aurten Durangoko Azokaren aurkezpen ofiziala egitea dagokit, tartean Okzitania izango delako herrialde gonbidatua. Duela gutxi Okzitaniaren inguruko programa egin dugu Tribuaren Berbak saioan eta hori dela medio, aurkezpen egunean bertan egongo naiz. Bestela, ia urtero bezala buelta bat ere emango dut.

Zer du Durangoko Azokak euskal komunitatea horrela harrapatzeko?
Durangoko Azoka fenomeno harrigarria da. Kontuan izanik euskaldun alfabetatuak zenbat garen, gure kulturaren mugak zeintzuk diren, Durangoko Azoka bezalako fenomeno bat gertatzea txundigarria da, ia-ia sinestezina. Kanpotik datozenak harrituta geratzen dira. Euskal sorkuntzaren indarra hor ikusten da eta herri honek duen euskaraz sortzeko gaitasunaren isla ere bada.

TXISTEAK

HAURRAK ERDERAZ

Soraluzeko adiskide batek kontatu dit, duela gutxi, bertan gertatutako pasadizo esanguratsu hau.

Haurrak jolasean ari dira eta kafea hartzen ari diren gurasoetako bat erdaraz ari direla ohartu da. Mahaitik altxa, inguratu, eta zera esan die:

- Haurrak! Euskaraz egin!

Eta haurretako batek:

- Aizu! Gurasoetara ari gara jolasten!

BELARRIKO EBAKUNTZA

Zinemako sarrerak erosteko ilaran egin dute topo bi amonek:

- Kaixo, Martina! Aspaldikoa! Zer moduz joan zitzaizun belarriko ebakuntza?

Eta Martinak:

- Bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!