Tolosako bizikidetza foroa, Espainiako komunikabideetan

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 4a, 10:51

El País egunkariko Luis Aizpeoleak Antton Izagirre (Sortu), Jose Agustin Arrieta (EAJ), Peio Atxukarro (PP) eta Xabier Maiza (PSE-EE) batu ditu, bizikidetzaz mintzatzeko. 'Empezar a hablar' (Hitz egiten hasi) izenpetu du bilera.

Elkarrizketa horretan, beldurraz, bizikidetzaz eta gazteriaz hitz egin dute lau alderdietako tolosarrek. Euskarazko itzulpen bat duzue jarraian:

Bada beldurrik oraindik?

Jose Agustin Arrieta: "Beldur fisikoa desagertu egin da, baina beldur psikologikoa dago. Bizikidetza alteratuko duten gai batzuen inguruan hitz egiteko beldurra dago, eta hori gainditzeak luze joko du. Hala ere, bizikidetzarekin aurrera egiteko ETAren desagerpena eta gobernuaren espetxe politika aldaketa iritsi behar dira".

Antton Izagirre: "Nik ez nioke beldurra deituko. Egia da nolabaiteko ezbaia dagoela izan den tentsio politikoaren inguruan iritzia emateko, baina gutxituz doa. Beldur ezberdinak izan dira. Nire inguruan, ilegalizazioaren eta haren ondorioen beldur ziren".

Peio Atxukarro: "Ez dut uste independentista zarela esanagatik beldurra pasa duzunik. Guk beldur fisikoa genuen. ETAk armak utzi zituenetik beldur soziala dugu, espainiar sentitzen garenok".

Xabier Maiza: "Beldur sozial hori esparru guztietara zabaltzen da, sentsibilitate guztiak ez mintzearren".

Zerk galarazten du bizikidetza?

Izagirre: "Ez dago indarkeria itzultzeko arriskurik, gizartearen gehiengoa ados baitago arazoak politikarekin konpondu behar direla. Jendea kontent dago garai honekin".

Atxukarro: "Bat nator ETAk armak utzi dituenetik jendea gustura dagoela diozunean. Baina txipa ez da aldatu. Ezker Abertzaleak indarkeria gaitzetsi du arrazoi estrategikoengatik. ETAk armak hartuko balitu berriro, ezker abertzaleko askok justifikatu egingo lukete, armak ez dituztelako arrazoi demokratikoengatik baztertu".

Izagirre: "Uste dut oso arriskutsua dela horrelako gauzak esatea. Ez daukagu Euskadin indarkeria justifikatzen dutenen inongo daturik. Sortuk indarkeria eta Kale Borroka gaitzetsi ditu. Indarkeria deslegitimatzen ari da".

Atxukarro: "Zure borondate onean sinisten dut. Baina ez dut uste ezker abertzaleak indarkeriaren gaitzespen etikoa barneratu duenik".

Arrieta: "Behartuta gaude garai historiko honetan zuzendaritza politiko eta etikoa egitea bakea lortzeko. Giza eskubideen urraketa guztiak kritikoki aztertuko dituen memoria eraiki behar da. Horretarako gobernuak ez du horrenbesteko itxikeria egoera izan behar. Biktima guztiak entzun behar dira. Guztiak".

Gazteria indarkeria gaitzesteko prest dago?

Maiza: "Jendeak aurrera egin nahi du. Baina katarsi bat egon behar da".

Arrieta: "Urte hauetan gertatutakoa lotsagarria da eta Euskadirentzat orban bat. Hezkuntzan sentsibilizatu egin behar da, biktimen arteko elkarretaratzeak, berriro ere gerta ez dadin".

Izagirre: "Urte hauetako irakurketa egin behar da, baina baita aurreko 40 urteetakoa ere. ETA izan da, baina errepresioa eta tortura ere bai. Gauza ez da guztia nahastea, ezertxo ere ez geratzeko. Kontua da gatazkaren kontakizun kritiko eta plural bat eratu behar dela hurrengo belaunaldiek ulertu dezaten gertatutakoak ezin duela berriro ere gertatu".

Arrieta: "Lehen hauteskunde demokratikoetatik ia 40 urte pasa dira eta denetarik egon da hemen, hilketak barne. Gehiegi iraun dugu erreakzionatzeko".

Izagirre: "Lehen lerrotik ezagutu dut. Onartzen dut erantzukizun handia dugula horretan. Baina estatuak ere bai, Lasa eta Zabalaren kasuan bezala. Desengainua hartu dut ETAk armak utzi dituenetik horren gutxi aurreratu izanagatik".

Atxukarro: "Gure seme-alabak indarkeria gaitzesteko hezita ez daudenaren pertzepzioa dut, euskal herriaren askatasunaren eta espainiarra den horren gaitzespenaren ideia justifikatzeko hezi direlako. Gazteek ez dute deslegitimizatze hori jasotzen".

Izagirre: "Ezker abertzaleko gazteekin lan egiten dut. Ez dut sentitzen indarkeria eta espainiarrarekiko bazterketa defendatzen ditudanik".

Atxukarro: "Ez duzu uste espainiarra sentitzen den jendeak arazoak dituenik?"

Izagirre: "Ez dut uste hori erakusten joan behar denik ere".

Zertarako balio dute bilera hauek?

Arrieta: "Alderdiek baino ibilbide hobea dugu, sektarismoan erortzeko arrisku gutxiago baitugu. Giza eskubideen defentsak batzen gaitu, eta oinarri horiek ardatz hartuta gutxieneko adostasuna lortu nahi dugu. Ez dugu aurrera egingo guztiok ados ez bagara".

Atxukarro: "Konfrontazioa gainditzea beharrezkoa da. Ibilbide eta esperientzia ezberdinak ditugu, baina elkar ulertzeko borondatea ere bai".

Izagirre: "Guztiok ados ez bagaude aurrerapausorik ez ematean bat nator. Oinarrizko iniziatibak planteatu nahi ditugu".

Atxukarro: "Gure bilerek ikusmina piztu dute. Jende askok harrituta galdetzen digu ea zer egiten dugun batera".

Izagirre: "Inkomunikazioaren hesia puskatu dugu, eta montaje handirik gabeko elkarguneak zabaldu ditugu".

Maiza: "Lortu behar dugu jendeak onartzea ezberdinak izan gaitezkeela eta elkarren artean ongi moldatu gaitezkeela".

Arrieta: "Bizikidetza sustatzen duen talde plurala gara, eta hori ez da lortzen egun batetik bestera. Nola gainditu horrenbeste liskarren ondoren? Horretan ari gara.

Irakurri El Pais-eko artikulu osoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!