TEEtik «gustura», Titirijai Jaialdiaren balantzea egitean

Iñigo Terradillos 2014ko abe. 3a, 20:58

Emanaldiak kalera ateratzearen berrikuntza errepikatzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek. Elena Basagoitia TEEko lehendakariak egin du balantzea. 

 

Tolosako Ekinbide Etxetik (TEE) «gustura» geratu dira bukatu berri den 32. Titirijai Jaialdiarekin. Elena Basagoitia TEEko lehendakariak azaldu duenez, «bi atal berri izan ditugu eta dena oso ondo atera da». 7.400 ikusle izan dira emanaldietan Tolosan eta bertatik kanpo izan diren ikusle kopurua kontuan hartuta, hamar mila baino gehiago izan dira txotxongilo ikuskizunetara joan direnak. «Emaitza onak izan dira», esan du Basagoitiak.

Ikusle horietatik 4.600 inguru izan dira ikasleak. «Haurrak, ohi bezala, goizeko emanaldiak ikustera etortzen dira astegunetan, eta tarteka entzuten genien ze ondo pasa duten esaten zutela», esan du Basagoitiak. «Ikustea pozik ateratzen direla emanaldietatik guretzako, egia esan, oso pozgarria da».

Berrikuntzen aldetik, aurten Eszena Irekia atala jarri dute martxan, eta bertan talde edo konpainia gazteei leku egin nahi izan diote. Lau talde izan dira, horietako bat euskalduna, atal horretan aparte hartzen. Beste berritasuna kalera ateratzea izan da. «Txotxongiloen ikuskizunak kalean egitea beti izan da tradizioa.  Aurten, eta Tolosa & Co elkartearen laguntzarekin, asteburuan saioak eman dira. Lehenengo asteburuan eguraldiak lagundu zuen, bigarrengoan ez hainbeste, baina hala ere jende pila bat hurbildu zen ikuskizun horiek ikustera», azaldu du Basagoitiak, eta gaineratu: «Txotxongilolariekin ere hitz egin dugu, eta beraiek ere gustura geratu dira ikusleekin izan duten harreman zuzen horrekin». Basagoitia bera ere izan zen emanaldi horiek ikusten, eta ikusleen eta txotxongilolarien arteko harremana estua izan zela dio. «Oso positiboa izan da, eta ea errepikatzerik dugun hurrengo urtean».  

Titirijai Jaialdia Tolosan «egonkortuta» dagoela dio Basagoitiak, eta horri jarraipena emateko TEEtik kalitatezko taldeak eta ikuskizunak ekartzen saiatzen direla gaineratu du. «Badirudi asmatzen dugula, eta urte batetik bestera hor mantentzen gara, eta pixkana gora goaz», azaldu du TEEko lehendakariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!