Aurkari handiegia

M.Iraola 2014ko abe. 3a, 09:42

68-76 galdu du TAKEk Cantbasket liderraren aurka. Kantabriarrek duten kalitatea agerian geratu zen eta tolosarrek ezin izan zieten aurre egin. 

Seguruenik txapelketako jokalaririk hoberenetako bat aurrean izan, zure defentsa lana ongi egin, eta hala ere, 27 puntu sartu dituela ikustea etsigarria ere izatera iritsi daiteke. Horixe gertatu zitzaion TAKEri larunbatean.

EBAko talderik handienetako bat, dirua nondik ateratzen ote duen jakiten ez den horietakoa, zetorkion Usabalera, eta bazekien neurketa zaila izango zela, oso zaila. Pablo Sanchez mailako saskiratzaile nagusia du taldeak. Yon Gonzalezek defentsa lana aztertua zuen: «Jokalari batzuek euren lana egiteaz gain, bera ere defendatzen lagundu beharko dute», esaten zuen pasa den astean.

 

Nahiz eta, Gonzalezen ustez, defentsa lanak «ongi» burutu, ezinezkoa izan zen Sanchez eta gainontzekoak geratzea. «Aurkaria inoiz baino hobea izan zen, eta bi taldeen arteko aldea nabaritu zen», azaldu du Gonzalezek Ataria Irratian. Lehen laurdena borrokatua izan zen, baina gero, 0-14ko balantzea izan zuten aurka. «Aldaketak egin genituen, defentsa moldatu genuen, baina minutu horietan ez zitzaigun ezertxo ere atera, eta hortik aurrera, zabaldu zuten aldea harrapatzea ezinezkoa izan zen», dio.

Baina egoera etsigarria izanda ere taldeak ez zuen amore eman. «Hogei puntuz galtzen joanda ere, harmailak beteta zeuden eta jendea animatzen  zegoen. Jasotako laguntza horri gure esfortzuarekin erantzun behar genion». Eta horrela, aldea zortzi puntura jaistea lortu zuten.

Datorren astean atsedena izango dute zubiaren ondorioz, eta aste hau «karga fisikoa igotzeko» aprobetxatuko du Gonzalezek, izan ere «etorkizuna markatuko duen neurketa da. Estela ekonomikoki ere boteretsua da. Oso gaizki hasi du urtea, 0-6. Eta horregatik, azken astean, beste bi jokalari amerikar fitxatu dituzte. Talde ona  da, beraz, arriskutsuak dira».

Laugarrena jarraian
Neskek laugarren garaipena lortu dute jarraian, Beasaingo BKLren aurka partida oso borrokatua jokatu eta gero. Defentsa izan zen partidako gakoa. Gogorra izan zen, eta horrek puntu gutxi saskiratzea ekarri zuen. Azkenean 30-20. Euren eskuetan dute orain igoera fasea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!