Ipotx: "Nire lekua zirkua da"

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2014ko abe. 1a, 08:39

Ipotxek jatorria Saran badu ere, Tolosa du bizitoki. Bizimoduari dagokionez, zirkua du afizio eta ofizio. Tolosan zirku eskola zabaltzea du helburu.

Ezin du edonork bost pilotekin malabarismorik egin, ezta monozikloa trebe maneiatu ere, edo akrobaziaren bat egin. Ipotxek bai. 18 urte zituela zirku munduan murgildu zen, eta geroago Baionako zirku eskolan hasi zen ikasten. Urteetan ibili da handik hona, Euskal Herriko malabaristekin elkartuz, zirku topaketetan parte hartuz. Duela bi urte Sarako herria utzi eta Tolosara etorri zen bere ezagutzak zabaltzera. Egun Txapi Txapo ikuskizunarekin aritzen da, eta tarteka zirkurako hastapen klaseak ere ematen ditu. Baina bere ametsa harago doa: zirku eskola bat ezarri nahi du eskualdean, Tolosan bertan. Atariarekin elkartu da bere ideia eta gehiagori buruz hitz egiteko.

Ez da egunero entzuten zirku eskola bat irekitzeko asmoaz. Nolatan burutazioa?

Iparraldean aspalditik hasi ginen zirku trebakuntzarekin, iparraldean irekiagoak gara zentzu horretan. Alde batetik, hemen hutsune bat ikusten genuen, hau da, oraindik ez da zirkua asko ezagutu Euskal Herrian; Bilbon eta Gasteizen adibidez, gehixeago ezagutzen da, baina Tolosaldean apenas ezagutzen dugu. Egon badaude zirku klaseak eskaintzen dituztenak, baina gazteleraz dira. Oro har ez dago horrelako trebakuntzarik eskaintzen duenik… Hortik dator ideia.

Zirku artista izaten ere, ikasi egin daiteke beraz.

Bai, ikasi ahal da. Niretzat zirkuak gauza on asko ditu, horietako bat ez duzula irabazten eta ez duzula galtzen da. Zirkuan aritzeko hainbeste bide daude, denek topatu dezakete gustuko zerbait, oso irekia da.

Horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko, trebea izango zara zirku ariketak egiten. Zein da zure espezialitatea?

Malabareak eta monozikloa -gurpil bakarreko bizikleta-. Baina askotan esaten dut zirkuan guztiontzako lekua dagoela. Adibidez akrobazietan giza-piramide bat egin nahi badut klase guztietako jendea behar dut, norbait azkarra behar dut oinarrian, norbait mehea eta ttipia goian. Azken batean, zirkuan denok dugu gure tokia, eta hori oso garrantzitsua da. Fisikoki ere mota guztietako pertsonek dute lekua. Ez duzu zertan gorpuzkera jakin bat izan honetan aritzeko. Badut lagun bat, esaterako, kontorsioa egiten duena, ez da bereziki argala eta beste edozein bezain ondo egiten du, edo agian hobeto.

Zer ikasiko du zuen eskolara hurbiltzen denak?

Ikasgai aldetik, denetarik probatzea da asmoa, izan ere, zer da zirkua? Teknika bat hartu eta beste batekin nahastu, probatzea da kontua. Gero eta gehiago probatu behar da, adibidez, dantza bat eta antzerki bat nahastu daitezke. Eskola bera taldeka antolatu nahi dugu, lau urtetik gorako umeetatik hasita. Taldeak 10-12 kideetakoa izango lirateke, ezin baita 30 laguni batera klaserik eman. Klaseak urte osoan emateko asmoa genuke. Gainera, eskola hau Tolosan egin nahi dugu. Pentsatzen dut leku fisikoak badirela, baina oraindik ez dut topatu hori ixteko modua. Orain ari naiz harremanak egiten, baina oraindik ez dugu prozesua hasi.

Zer ezaugarri ditu gaur egungo zirkuak?

Bi zirku klase ditugu gaur egun. Horietako bat animaliekin egiten duten zirkua da. Ni horren kontra nago. Gainera, duela hilabete inguru Santanderreko herri batean debekatu egin dituzte animaliekin diharduten zirkuak. Umeei askotan galdetzen diet: Zer da zirkua? Eta beti lotzen dute animaliekin. Baina gero eta jende gehiago ohartzen da animalien egoera horretaz, eta espero dugu hemendik gutxira desagertzea. Beste zirku klasea zirku berria da. Nahasketa moduko bat da, antzerkia, dantza, musika… Arte mota guztiari irekia dago. Niri hori gustatzen zait, material desberdinak erabiltzea, espero ez duzun zerbaitekin mila gauza egin ditzakezulako, agian zerbait magikoa ateratzen da.

Malabare asko egin behar dira zirku eskola bat martxan jartzeko?

Ni dagoeneko nazkatu naiz paper kontuekin. Gogaikarria da zure ideia hori paperean jartzea, oso zaila da niretzako. Enpresak tarteko zailtasunak topatzen dira eta zenbait oztopo topatu ditut. Askotan gainera kultur ekintzak antolatzerakoan badituzte ekintza finkoak eta urtero errepikatu egiten dituzte, zertarako aldatu? Kanpotik etorrita hori etsigarria da. Hala ere, orain asmoa proiektu hau ezagutaraztea da eta pixkanaka aurrera egitea. Ea jendea honi buruz hitz egiten hasten den. Gainera, batzuek dagoeneko ezagutzen naute, kalean praktikatu izan baitut Zerkausia inguruan. Eta publizitate onena ahoz ahokoa da. Bi urte daramatzat hemen eta orain hasi naiz jendea ezagutzen; prozesua luzea izango da.

Zertarako izan daiteke baliagarria zirku mundura hurbiltzea?

Zirkua ez da kaleko gauza bat bakarrik, alderdi askotara eraman zaitzake. Zirkua ihesbide bat izan daiteke; niretzat adibidez, terapia bat izan zen. Zure buruan konfiantza izaten ikasten duzu. Urritasuna dutenen kasuan ere laguntzen du, bere mugan, baina gauza txikiak lortzen laguntzen du, gorputza eta burua landuz… Pixkanaka aurrera eginez.

Zer da funtsezkoa zirkuko artista on bat izateko?

Lan asko egitea, urte mordoan aritzea. Konpromiso ugari hartu behar dira eta norbere buruarengan sinetsi eta norbere ametsarekin jarraitu behar da. Egin, egin eta egin, egunen batean lortuko duzula sinetsiz.

Nazioarteari begira, badaude zirku ospetsu eta arrakastatsuak. Euskal Herrian, ordea, zirkua maite al dugu?

Nik baietz uste dut. Tolosan bertan egiten dira zirku inguruko jarduerak. Zortea dugu Tolosan, Amarotzen, zirku eta antzerki jaialdi bat egiten delako urtero. Eskualdean honelako ekintzetarako joera badago. Batzuk ere hurbildu zaizkit esanez beren haurra apuntatuko luketela zirkuko ariketak egitera, baina ez daukagu oraindik lekurik.

Sarritan egon zara zirku-ikuskizunetan, ikusle modura?

Bai, askotan. Duela hilabete bat Angelun ikusi nuen nire ustez munduko ikuskizunik politena izan dena. Errusiako zirku taldea da, Slava´s Snowshow izena du ikuskizunak. Ikaragarrizko suspensea dauka. Oso hunkigarria.

Jendeak orokorrean, zer nolako aurreiritziak ditu zirkuarekiko? Inoiz zure lanbidea defenditu beharra izan duzu?

Nik uste dut jendeak begi onez ikusten duela zirkua, jendeak interesa agertzen du. Hala ere, batzuei kosta egiten zaie mundu honetatik bizi daitekeenik sinestea. Izan ere, oso zaila da, baina posible da. Nire kasuan, agian egia da beste batzuk baino gehiago zaindu behar izaten dudala, baina badakit enpresa batean lan egingo banu, «zer egiten dut hemen?» galdetuko niokeela nire buruari. Nire lekua zirkua da.

Eta erakundeek, seriotzat hartzen dute zuen ogibidea?

Beti topatu daiteke norbait zure proiektuan sinesten duena. Normalean zailagoa izan daiteke zirkua bezalako proiektuak laguntzea, oraindik pixka bat arrotza zaigulako, baina onean joaten bazara hitz eginez, zergatik ez! Gero, jakina, demostratu behar duzu hor zaudela eta lana egiten duzula. Hala ere, uste dut jendea zirkuaren kontzeptu honekin irekiagoa dela orain.

Lanbide alaia dirudi zuenak. Zuen helburuetako bat izan daiteke alaitasuna edo giro ona transmititzea?

Momentu ona pasarazi nahi diezu hurbiltzen direnei. Baina beste lanbide guztietan bezala, egun txarra duzunean gogorragoa da. Gainera, malabarismoak egiten dituzunean huts txiki bakoitza ikusi egiten da. Eta gauzak gaizki ateratakoan onartu egin behar da, ez gara makinak.

Etorkizun hurbilerako, zein da zure helburua?

Momentu honetan zirku eskolak euskaraz Tolosan ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!