Sare herritarra osatu dute sakabanaketarekin amaitzeko

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 29a, 13:44

Sare-k abenduaren 4an, 19:00etan, kultur etxean, egingo du Sare herritarraren aurkezpena, eta Teresa Toda bertan izango da

Tolosako herritar talde bat gaur Zabalarretako parkean bildu da, giza eskubideen aldeko sare bat osatzeko. Bertan izan dira, besteak beste: Kike Amonarriz, Pepi Gorostidi, Asier Izagirre, Aitor Elduaien, Aiora Zulaika, Iñaki Arratibel, Ibai Iriarte, Jexux Agirrezabala, Joxe Arzallus, Fiti, Julen Aranzabal, Maria Lasa, Irati Artsuaga, Txoan Ormazabal, Uxoa Esteban, Ainhoa Artolazabal, Garbiñe Biurrun, Idoia Lahidalga, Anaje Urkola, Oihanbeltz, Unai Igartua, Aitor Sukia, Olaia, Pello Odriozola, Mikel Arreisigor, Saioa, Joana Mendez... Unai Igartuak eta Oihanbeltz Unzuetak hitz egin dute herritar hauen izenean, eta euskal jendarteak "gatazka garaia atzean utzi" duela eta "bake eskenatoki bat eraikitzeko nahia irmoki" adierazi duela esan dute. Horretarako, ordea, "pertsona ororen giza eskubideak errespetatu eta bermatzea" ezinbestekoa dela dute, baita "preso, iheslari eta deportatu zein bere inguru hurbilarenak" ere. Gauzak honela, euren helburua "giza eskubideak lortzea" duen sare bat ehuntzea da.

Igartua eta Unzetak adierazi dutenez "giza eskubideen errespetua, gatazkaren konponbidea eta bakea" nahi dituzte, eta hori lortzeko egun Euskal Herrian bizi den egoera politikoan "denon konpromisoa" behar dela uste dute: "Guztiok dugu zer esan eta zer egin arlo honetan".

Bada pertsona guzti horien "elkargune" izan nahi du Sare-k: "Euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan behar dutela uste dugun guztion sare herritarra". Bakoitzak bere "esparruan" eta "moduan", baina guztiak "sare berean". Hortaz, "herritar ororentzat giza eskubideak errespetatuak izatearen alde dauden pertsona guztien elkargune" da Sare, eta pertsona bakoitza sare horren "korapilo bat" izango dela diote.

Honegatik guztiagatik, gaur Tolosan bildu diren herritarrek bi deialditarako "gonbitea" luzatu dute:

- Abenduak 4: Sare herritarraren Tolosako aurkezpena, 19:00etan, kultur etxean. Teresa Toda ere bertan izango da. Bertan Sare zer den azalduko dute. Euren esanetan, Sare "sakabanaketarekin amaitzea" helburu nagusi duen "herritarren sare bat" da, eta "hainbat sentsibilitate eta ideologiatako" herritarrak bildu nahi dituena. Euren ustez, hori baita "modu bakarra presoen urruntzea eta isolamendua diren orban mingarri horrekin amaitzea".

- Urtarrilak 10: Bilbon sakabanaketaren aurkako "mobilizazio jendetsu eta parte hartzailea" izango da, eta pertsonak izango dira "protagonista aktiboak". Mobilizazio horretan mezu hau zabaldu nahi dute: "Orain, now, ahora, dispertsioarekin amaituko dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!