Txuletaren eta Tolosaren arteko "amodioa" zabaltzen

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 28a, 13:18
Aurtengo Txuleta Festaren aurkezpena egin dute Casa Julian jatetxean.

Gastronomiaren topaleku izango da beste behin Tolosa, abenduaren 6tik 8rako Txuletaren Festa antolatu baitute. Otorduez gain, ganadu azoka, pilota partidak, zesta punta txapelketa eta idi-dema izango dira.

Aurtengo Txuleta Festaren aurkezpena Casa Julian jatetxean egin dute. Bertan izan dira Ibai Iriarte alkatea, Tolosako erretegien ordezkariak, Matias Gorrotxategi (Casa Julian), Pedro Ruiz (Casa Nicolas), Juanjo Pascual (Burruntzi), Claudio Sanchez (Orue) eta Javi Uhalde (Berrobiko Iriarte jatetxea), Cristina Aldalur (Alejandro Goya), Joxean Goya (Carnicas Goya), Iñaki Oiarbide (GIFE-ko lehendakaria), Xabier Zabaleta (Jakitea elkarteko lehendakaria), Kino Martinez (Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta Fernando Elola (Jose Ignacio Elolaren semea).

Ibai Iriartek azaldu duenez, "euskaldunei jatea gustatzen zaigu, baina ondo jatea gustatzen zaigu, kalitatezko, bertako eta ondo prestatutako produktuak. Tolosak badu lotura hori eta Txuletaren Festak erantzuna ematen dio horri, herrian ditugun erretegien bitartez".

Matias Gorrotxategi Casa Julian jatetxekoak gaineratu duenez, "Txuletaren Festa bikaina izan da eta hemendik aurrera ere berdin izango da". Txuletaren eta Tolosaren arteko "amodioa" mundu guztian zabaltzea nahi dutela esan du Gorrotxategik.

Aurtengo berritasuna Gipuzkoako Parrilleroen Txapelketa egingo dela izango da. "Ikusi genuen Tolosa toki ezin hobea zela txapelketa egiteko", azaldu du Xabier Zabaleta Jakitea elkarteko lehendakariak. Lehen bi sailkatuak Euskal Herriko Txapelketarako sailkatuko dira. Txapelketa abenduaren 7ko gauean egingo da, eta parrilleroek afaltzen dutenentzako ere prestatuko dute.

Otorduetako erreserbak egiteko 943697413 telefono zenbakira deitu behar da (Tolosaldea Tour) edo posta elektronikoz tour@tolosaldea.net helbidera.


Egitaraua

Abenduak 6, larunbata

Goizean zehar: Larunbateroko azokak izango dira: Zerkausikoa Trianguloan, Euskal Herria plazakoa San Frantzisko pasealekuan eta Berdura plazakoa.

10:00. Ganadu azoka Euskal Herria plazan.

14:00. Bazkaria Zerkausian. Gipuzkoako behi frisoien txuletak.

18:00. Beotibar pilotalekuan pilota partidak, Diario Vasco txapelketako finalerdiak.

19:00. Trianguloa plazan aukera egongo da txekor haragiaren pintxoak eta sagardoa dastatzeko.

Abenduak 7, igandea

12:00. Idi-denak Euskal Herria plazan.

14:00. Bazkaria Zerkausian. Joxean Goyaren txuletak.

17:15. Jose Ignacio Elola I. Txapelketako zesta puntako finalerdietako partidak Beotibar pilotalekuan.

20:30. I. Gipuzkoako Parrilleroen Txapelketa. Igandean afariko txuletak Gipuzkoako parrilleroen I. txapelketan parte hartzen dutenek prestatuko dituzte.

Abenduak 8, astelehena

11:15. Jose Ignacio Elola I. Txapelketako zesta puntako finaleko partidak Beotibar pilotalekuan.

14:00. Bazkaria izango da Zerkausian. Alejandro Goyaren idi txuletak.

17:00. Esku pilota jaialdia Beotibar frontoian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!