EAJk Lehiberri interes politikorako «erabiltzea» salatu du

Ataria 2014ko azaroaren 28a

Lehiberrik alderdi politiko guztien «babesa» behar duela uste du Peonek

Lehiberri eskualdeko lehiakortasun eta berrikuntzarako zentroa da, eta Olatz Peon alkategaiak Tolosako EAJren izenean «alderdi guztien babesa» eta zentroa «indartzea» eskatu ditu prentsa ohar bidez. Peonen esanetan, zentroak «enplegua sustatzea eta lan merkatura sartu nahi duen orori formazioa ematea» du helburu. Eta horrez gain, Tolosaldeko garapen ekonomikoan eragina duten «enpresek, heziketa zentroek, erakundeek eta administrazioek bat egiten duten foroa».

Gauzak honela, Lehiberriko proiektua EAJk aurreko legealdian «bultzatu» zuen proiektu bat dela gogorarazi du, eta PSOE gobernuan zela Espainiar Estatuak «dirua bidera zezan» lortu zuela ere gogorarazi du. Era berean, Bilduk gobernatutako eskualdeko hainbat udalek ere zentroan dirua «inbertitu» dutela dio.
Gauzak honela, Peonek uste du Lehiberrik «Tolosaldeko alderdi politiko guztien babesa» behar duela, eta krisi ekonomikoaren baitan «beharrezkoa dela talde politikoen arteko elkarlana proiektu berriak garatzeko». Horregatik, Lehiberri «indartu» beharra ikusten du, eta horretarako alderdi politikoak «inplikatzea» ere ezinbestekotzat jotzen du. Euren lana baita «Tolosaldean enplegua sustatuko duten programak bultzatu eta lantzea».

Honegatik guztiagatik, Lehiberri «alderdiko interesen arabera erabiltzea» eta «hauteskunde helburuak direla medio zentroa alderdi politikoen aurkako arma bilakatzea» lekuz kanpo dagoela adierazi du. Peonen eta EAJren ustez tolosarrek eta herritarrek ez dute hori eskatzen. Hori dela eta, guztiak «tolosarren ongizatea hobetzearen aldeko apustu eta lana» egitera gonbidatu ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!